Usurbilgo EHBildu: "Elkarrek ezin izan dio inbertsio honi eutsi"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 20a, 18:13

Usurbilgo EAJk atzokoan plazaratu zuen prentsa-oharrak zeresana eragin du. EH Bilduk gezurtatu egin du ezkutuan ari denik. "Oposizioari gai honen berri eman zitzaion, abenduko hirigintza batzordean. EAJko inor ez zen etorri". Eta kezka agertu du, " lana udalean egiten da, eta ez komunikabideetan".

EAJk atzokoan zabaldu zuen prentsa-oharraren berri izan zuenean, Usurbilgo EHBildu "zur eta lur" geratu zen. Ezkutuan ari denik gezurtatu nahi du ezer baino lehen. "Oposizioari gai honen berri eman zitzaion, abenduko hirigintza batzordean. EAJko inor ez zen etorri, ez hirigintza gaietarako ordezkaria, ez haren ordezkoa. Gerora ere ez digute ezer galdetu. Beraz, zur eta lur gelditu gara albiste hau irakurrita".

Covid-19ak gogor kolpatu du ekonomia eta kultur arloko enpresak ez daude salbu. "Elkarrek ezin izan dio inbertsio honi eutsi, eta, ondorioz, ezin izan du proiektu honekin aurrera egin. Kolpe latza da. Edonola ere, hiru erakundeek (Elkar, Gureak, Udala) hartu-eman etengabean jarraitzen dute, bestelako aukerak aztertzen", hala dio Usurbilgo EHBilduk. "Udalak  enpresen tempusak errespetatu nahi izan ditu, eta horixe izan da albistearen berri publikoki eman ez izanaren arrazoia".

EHBildu koalizioak aditzera eman duenez, "Udalak, Gureak-ek eta Elkar-ek, albistea modu honetara publiko egin dela ikustean, azalpen guztiak emango dizkiete usurbildarrei. EAJk eskatzen dituen azalpenak bertaratu ez ziren batzorde horretan eman ziren".

 

"EAJ arduragabekeriaz jokatzen ari da"

Gai zehatz honetatik haratago, EHBilduk bere kezka agertuko du: "Udaleko gaiekiko eta batzordeekiko arduragabekeriaz jokatzen ari da EAJ. Udal-gobernu honen ustez, lana udalean egiten da, eta ez komunikabideetan. Aurrekontuen eztabaidan ikusi bezala, EAJk elkarrizketa, elkarlana eta herri adostasunak alboratu ditu, eta zarata politikoa lehenetsi. Lastima".

 

"Oposizioari gai honen berri eman zitzaion, abenduko hirigintza batzordean", dio EHBilduk. Prentsa-oharrarekin batera irudi hau partekatu du non ikusten den gaia udaletxean landu zutela iazko abenduan.