Koronabirusa

Etor daitezkeen neurri murriztaileen aurrean, GuraSOSek larunbateko giza katean parte hartzera deitu du

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 21a, 14:46

Eusko Jaurlaritzak udalerriak perimetralki ixteko izan dezakeen asmoak ezin du manifestatzeko oinarrizko eskubidea eragotzi, gogorarazi du GuraSOSek ohar bidez. Horregatik itxiera perimetralak zaintzeko ardura duten ertzainei eskubide hau kontuan hartzea eskatzen dio GuraSOSek. Gipuzkoarrei aldiz, udalerrietatik ateratzeko debekua egongo balitz, manifestaziorako eskubidea gauzatuz, "Osasuna, ingurumena, justizia"  aldarripean larunbat eguerdiko 12:00etan Donostain deitu duen giza katean parte hartzera. 

Pandemiaren egoeraren aurrean ostiral honetan har ditzaketen neurri murriztaileek ez dezatela eragotzi larunbaterako deitu duten giza katean parte hartzea. Mezu hauxe zabaldu nahi izan du GuraSOSek azken orduotan prentsa ohar bidez.

Mobilizatzeko, manifestazio eskubidea ezin dute galarazi, ostiral honetan Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren aurrean datozen egunotan har ditzakeen erabakiek. Jaurlaritzaren aholku batzorde teknikoak, LABI-ak bihar (hilak 22) har dezakeen erabakietako bat hain zuzen, udalerri guztiak perimetralki konfinatzea izan daiteke. 

Manifestazio eskubidea bermatzeko eskaera
GuraSOSek ohartarazi duenez ordea, neurri honek ez dio eragiten manifestatzeko oinarrizko eskubidea gauzatzeko mugikortasunari. Alegia, kasu honetan Donostiako larunbateko giza katera joateko mugitzeko eskubidea soilik "salbuespen-egoeran" edota "setio-egoeran" eten daitekeela gogorarazi du guraso elkarteak. Horregatik, manifestatzeko oinarrizko eskubidea inolako eragozpenik gabe gauzatu ahal izatea bermatzeko neurri berri bat hartzea eskatu dio GuraSOSek "Ertzaintzaren buruzagitzari". Udalerrien itxiera perimetrala zaintzeko ardura duten agenteei euren jardunerako irizpide hau kontuan hartu dezatela: larunbat eguerdiko 12:00etan Gipuzkoa osoari zuzenduriko mobilizazioa deitua dagoela Donostian eta itxiera horrek ez diola eragiten hitzordu horretara joateko mugikortasunari ezta manifestatzeko oinarrizko eskubideari, ezta mobilizatu ostean etxera itzuli ahal izateari ere".