Koronabirusa

Neurri murriztaile berriak onar ditzakete ostiralean

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 21a, 14:03

Ostiral eguerdian batzekoa da LABI, eta neurri murriztaile berriak onar ditzake Eusko Jaurlaritzak.

GuraSOSek larunbaterako "osasuna, ingurumena eta justizia" aldarripean, Donostian deitu duen giza katean parte hartzera deitu ditu herritarrak, eta ohartarazi du, pandemiaren harira Eusko Jaurlaritzak ostiralean har ditzakeen neurri murriztaile berriek ezin dutela manifestatzeko eskubidea eragotzi.

Ostiral honetan hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren aholku batzorde teknikoak har ditzakeen neurri berriei buruz ari da GuraSOS. Asteazkenean proposamen gisa aurkeztu zituen Jaurlaritzak osasuneko lurralde arteko kontseiluan. 

Ostiral honetan bilduko da berriz LABI edo aholku batzorde teknikoa eta neurri murriztaile berriak har ditzake. Asteazkeneko estatu mailako kontseiluan proposaturiko neurrietako bat badirudi ezingo duela onartu; etxeratzeko agindua gaueko 22:00etatik iluntzeko 20:00etara aurreratzea. Espainiako Gobernuaren oniritzia beharko luke Jaurlaritzak eta Madril ez da gaurkoz etxeratzeko agindua aurreratzearen aldekoa.

Lauko bilkurak, itxiera perimetrala, jardueren amaiera 19:00etan...
Beste neurri batzuk ordea indarrean jar ditzake; hala nola, udalerriak azaroan gertatu zen moduan, perimetralki ixtea. Soilik behar beharrezko eginkizunetarako sartu nahiz irten ahal izatea udalerrietatik; lanera, ikastera, zaintza lanetara... Horrez gain, bilkurak 4 pertsonetara murriztu nahi ditu Jaurlaritzak. Establezimenduak eta kultur nahiz kirol jarduerak 19:00etan amaitzea agintzea. Edota 500etik gorako intzidentzia duten 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, ostalaritza sektorea itxi eta taldeko kirola bertan behera uztea. 

Horrekin batera, 5.000 biztanletik beherako udalerrietan, autonomia erkidego bakoitzak neurri murriztaileak martxan jartzeko "irizpide osagarriak" aplikatu ahal izatea.

Aipatu moduan hauek guztiak estatu mailako osasun agintarien arteko asteazkeneko kontseiluan proposatu zituen Eusko Jaurlaritzak. Otsaila amaiera arte indarrean izatea eskatu zuen. Ikusteke da orain, zer neurri zehatz hartuko dituen LABIak. Ostiral eguerdian bilduko da. Bileraren ostean agerraldia egingo dute Jaurlaritzako agintariek.


EUSKO JAURLARITZAK OSASUNEKO LURRALDE ARTEKO KONTSEILUAN EGINIKO PROPOSAMENAK
-Udalerri guztien itxiera perimetrala zehaztea, 926/2020 Errege Dekretuan aurreikusitako mugikortasun-mugaren salbuespen berberekin.
-Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egoteko muga gehienez ere 4ra murriztea, bizikideak izan ezik. Neurri horrek 926/2020 Errege Dekretuan ezarritako mugak egokitzea eskatzen du.
-Gaueko mugikortasunaren ordu-muga 20:00etara aurreratzea. Neurri horrek 926/2020 Errege Dekretuan ezarritako mugak egokitzea eskatzen du.
-Establezimendu mota guztiak ixteko, farmaziak eta zerbitzuguneak izan ezik, eta gizarte-, kultura- edo kirol-jarduera mota guztiak bertan behera uzteko ordu-muga 19:00etan ezartzea.
-14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, honako neurri hauek zehaztuko dira:
1-ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak ixtea, salbuespen hauekin: hoteletako jantokiak eta ostatu hartutako bezeroentzako ostatuak, eskaerak entregatzeko edo jasotzeko zerbitzua eta gasolindegietan eta zerbitzuguneetan daudenak.
2-taldeko kirola bertan behera uztea, salbu eta profesionala edo erdi-profesionalaren entrenamenduak eta lehiaketa, eta aire zabaleko kirol-jarduera, gehienez 2 pertsonako taldetan.
-5.000 biztanletik beherako udalerrietan, Autonomia Erkidego bakoitzeko osasun-zerbitzuek ezarriko dituzte, beren errealitate soziodemografikoaren arabera, egoera epidemiologikoa haztatzea eta dagozkion neurri murriztaileak aplikatzea ahalbidetuko duten irizpide osagarriak.
-Hasiera batean, akordio honetan jasotako neurriak aplikatzeko aldia otsailaren amaierara arte proiektatuko litzateke, eta hamabost egunean behin ebaluatuko lirateke.