Udal gobernua: "Oso eskertuta gaude Elkar Taldearekin zein Gureak-ekin izandako elkarlanagatik"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 21a, 17:59

Elkarrek ez du bere egoitza berria Usurbilgo Zapategi lur-eremuan finkatuko. "Aterabide berri bat lantzen ari gara", azaldu dute udal iturriek. Aldi berean, Elkar Taldeak, Gureak-ek eta Udalak ohar bateratua plazaratu dute. Bere osotasunean jaso dugu.

Elkarrek ez du aurrera jarraituko Usurbilgo proiektuarekin

Osasun krisia ez ezik, krisi ekonomikoa eta soziala ere ekarri ditu Covid19-ak, eta hori da Elkarrek Usurbilgo proiektuarekin aurrera ez jarraitzeko arrazoia. Orain, aterabide berri bat lantzen ari gara Zapategirako, hiru eragileok, elkarlanean.

Elkarrek ez du aurrera egingo bere egoitza berria Usurbilen eraikitzeko proiektuarekin, Covid19-ak sortutako testuinguru latzak behartuta. Hori horrela izanik ere, etengabeko harremanetan jarraitzen dute udalak, Elkar Taldeak eta Gureak-ek: Zapategi eremurako soluzio bat topatzea izan dute helburu hasieratik, eta horretan jarraitzen dute.

2018ko urrira egin behar da atzera, proiektuaren abiapuntura. Elkar zein Gureak enpresek zituzten beharrak proiektu bakar batean batu zitezkeela ikusita, proiektu bateratu bat landu dute azken urteotan hiru erakundeek, Usurbilgo Zapategi eremuan kokatua, eta hirigintza hitzarmen batean bildu. Elkarrek bere jarduera eta biltegia bilduko lituzkeen pabilioi bat eraikitzeko beharra zuen, azken urteetan banaketaren arloan izandako garapena tarteko. Gureak-en kasuan, lau pabilioi eraikitzekoak ziren. Lasarteko tailerra zaharkitua gelditua zitzaien, eta horrek eragindako beharrei erantzuteaz gain, Donostian zein Errenterian dituen zenbait lantoki ere bertara aldatzeko asmoa zuten. Proiektuaren dimentsioaren adierazle, Usurbilera eramatekoak ziren lanpostu kopurua: guztira, 950. Udalarentzat, proiektuaren izaerak bat egiten zuen guztiz Usurbilekin: batetik, Elkarrek euskararen eta euskal kulturaren egiten duen zabalkunde lanagatik eta, bestetik, Gureak-ek arlo sozialean inklusibotasuna bultzatzen egiten duen lanagatik.

Elkarlanean aritu dira, ordutik, hiru eragileak, Covid19-aren eztandara arte. Osasun krisi latza eragiteaz gain, krisi sozial eta ekonomikoa eragin ditu, ageriko ondorioak eraginez alor eta eremu guztietan, herritarren bizitzetan zein erakunde publiko eta pribatuetan: Zapategi eremuko hirigintza hitzarmena ere bete-betean jo du.

Covid19-aren ondorioz etorri den pandemiak Usurbilgo proiektua gelditzera behartu du Elkar: inbertsio txikiagoa behar duen beste planteamendu bat egitera. Liburuaren sektorea etengabeko aldaketan eta berregokitzean bizi da aspaldiko urteetan, eta egoera horretan Elkarrek ezinbestekotzat jo izan du azken urteetan banaketan egindako garapena. Egoera zaila kontuan hartuta ere, aurrera egiteko konpromisoa izan du, egoitza berrirako plana eginez, baina Covid19-ak beste irtenbide bat topatzera behartu ditu. Ez da Elkarren gustuko erabakia izan, taldeak ikusten baitzuen Usurbilen zuela bere beharretarako propio egokitutako egoitza eraikitzeko aukera. Baina une honetako egoerak enpresa behartzen du baliabideak neurriz erabiltzera, ziurtatu behar baitu hurrengo urteetan bere jarduerak aurrera jarraituko duela eta lanpostuei eusteko gaitasuna izango duela. Horren guztiaren gainetik, dena den, oso eskertuta dago urteotan bidelagun izan dituen hala Gureak-ekin zein Michelin-ekin, nola Usurbilgo Udalarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Eusko Jaurlaritzarekin.

Usurbilgo Udalarentzat kolpe gogorra izan da, mimo handiz landutako proiektua izan baita hasieratik: ahalegin handia egin zen eta da, eta horri esker lortu zen proiektua Usurbilera eraman ahal izatea. Ez da berri ona ez Usurbilgo Udalarentzat ez Usurbilgo herriarentzat ere, baina Elkarrek ezinbestean hartu beharreko erabakia izan da etorkizuna kolokan ez jartzeko, ziurtatzeko Elkarren enpresa proiektua, proiektu soziala eta proiektu kulturala.

Pandemiak zalantza handiak ekarri ditu ingurura, eta egoera berrira egokitu beste aukerarik ez dago. Halaxe egin behar izan du Elkarrek, enpresa eta euskal kulturaren zerbitzura eratutako egiturak zalantzan ez jartzeko, garai zail hauetan, euskararekin, euskal kulturarekin eta Euskal Herriarekin duen konpromisoari eusteko.

 

Gaur egun zertan den

Elkarrek bere erabakiaren berri eman ostean, elkarlanean jarraitu dute hiru eragileek. Hartu-emana etengabekoa izan da, eta hala izaten jarraitzen du. Elkarrek bere bidea hartu duen arren, hizketan jarraitu dute. Izan ere, Gureak-ek bakarrik ezin dio aurre egin aurrez adostutako proiektuari, eta antolamendu berri bat lantzen ari dira, eraikigarritasuna eta karga urbanistikoak jaitsita, Gureak Usurbilen gelditzeko ahaleginean.

Gureak-ek, Covid19-ak eragindako krisiaren testuinguruan, egoitza berriaren bideragarritasun ekonomikoa bermatu behar du orain, eta hainbat aukera ari dira lantzen. Antolamendu berri horrek, Gureak-en beharrei erantzuteaz gain, aurrekontuak eta epeak bermatzea ezinbestekoa da, eta horrek hainbat hirigintza-tramite berregitea eskatzen du. Gureak-entzat lehen aukera Zapategik izaten jarraitzen duen arren, beste aukera batzuk aztertzen ari dira, esaterako, Zubietako Eskuzaitzetako industrialde berria. Une honetan, kronograma bat lantzen ari gara, eta apirilaren amaiera aldera behin betiko erabakia hartu nahiko luke Gureak-ek.

Usurbilgo udal-gobernuak momentu oro eragile guztien tempusak errespetatu nahi izan ditu, proiektu berri bat sortzeko ahaleginean, emandako pauso bakoitza sendoa izan zedin bermatzeko, enpresentzat zein Usurbilentzat. “Orain, Elkar gabe bada ere, proiektu berriarekin buru-belarri ari gara lanean, eta horretan jarraituko dugu aurrerantzean ere. Oso eskertuta gaude gu ere urteotan Elkar Taldearekin zein Gureak-ekin izandako elkarlanagatik, eta zinez etorkizun emankorra opa diegu bi-biei”.