Koronabirusa

Neurri berriek herrian izango duten eragina

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 22a, 18:21

Eusko Jaurlaritzak ostiral honetan iragarri, larunbatean dekretu bidez zehaztu eta astelehenetik aurrera indarrean jarriko dituen neurri murriztaileek Usurbili ere eragingo diote. Bi aldaketa izango dira nagusiki; batetik, udalerri mailako itxiera perimetrala eta gehienez lau pertsonako bilkurak baimenduko dira. Gainerakoan, 500etik beherako intzidentziari eusten dion artean, orain arteko neurri murriztaileak mantenduko dira Usurbilen.

Eusko Jaurlaritzak ostiral eguerdi honetan covid19ari aurre egiteko iragarritako neurri berriek Usurbilen zer nolako eragina izango duten aztertzen hasita, bi aldaketa nagusi dakartzala dirudi, bihar (urtarrilak 23) plazaratuko eta astelehenetik (urtarrilak 25) aurrera indarrean izango den dekretu berriak; batetik, ezingo da udalerritik sartu ezta herritik atera ere, eta bestetik, seitik laura murriztu beharko direla bilkurak. Hori agintzen dute Eusko Jaurlaritzak onarturiko neurri murriztaile berriek.

Salbuespenak egon ohi dira beti. Gogoan izango duzue, urria amaieran udalerri hau eremu gorrian sartu eta konfinamendu perimetrala ezarri zutenean, ezin zela ezta herritik atera ezta bertara sartu ere, baina bazirela salbuespenak; lanera edo ikastera joan beharra, zaintza lanetara... Eta horrekin batera, Usurbilek mugakide zituen udalerrietara, hau da, Orio, Lasarte-Oria edo Donostiara joateko aukera bazen jarduera sozioekonomikoetara; erosketak, tramitazioak... egitera.

Oraingoan salbuespenok mantenduko ote diren Eusko Jaurlaritzak larunbat honetan argitaratuko duen dekretu berriak zehaztuko du; momentuz, ostiral honetan Gotzone Sagardui osasun sailburuak aurreratu duenez, udalerri batetik atera edo sartzeko salbuespenak aurreikusten ditu dekretu berriak, "baina udalerri mugakiderako igarobidea salbuetsi gabe". 

Bestalde ordea, Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohartarazi duenez, udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimendua egongo da. "Baimenduta dago lurralde historiko ezberdinetakoak izan arren mugakideak diren udalerrien arteko mugikortasuna, eta salbuespena izango da norbera bizi den udalerrian edo mugakidean COVID-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 500ekoa edo 500 baino handiagoa izatea 100.000 biztanleko".

Alegia, eremu gorrian diren udalerrietara ezingo da joan, ezta eremu gorrian den udalerritik mugakideetara ere. Irizpide hau aplikatzen bada, ostiral honetako mapa kontuan izanda, Usurbildik mugakide dituen udalerrietara ezingo da joan eremu gorrian baitira jada Orio eta Lasarte-Oria. Donostia eremu laranjan da momentuz.

Orain arteko neurri gehienak mantenduko dira
Udalerritik kanpoko mugikortasunari eta bilkurei dagozkien aipatu aldaketez gain, itxuraz behintzat ez dago nobedade handirik. Eusko Jaurlaritzak etxeratzeko agindua aurreratu nahi zuen arren, Espainiako Gobernuak momentuz ez du halakorik onartu eta bere horretan geratuko da, 22:00-06:00 artean. Jaurlaritzak 20:00etara aurreratu nahi zuen etxeratze agindu hau, eta kirol nahiz kultur jarduerak edota merkataritza sektoreko establezimenduak 19:00etan itxi.

Etxeratze agindua orain arteko ordutegian mantenduko denez (22:00-06:00), orain arteko "itxiera" ordutegiak mantenduko dira; 21:00etan itxi beharko dute merkataritza establezimenduek eta ordu berean amaitu beharko dute kirol nahiz kultur jarduerek; ordubete lehenago, 20:00etan itxi beharko dute ostalaritza sektoreko establezimenduek. 

Eta egunotan bezala, 100.000 biztanleko 14 eguneko 500eko intzidentzian ezarri da neurri murriztaile gehiago aplikatzeko mugarria; 500etik gorako intzidentzia duten udalerrietan ostalaritza sektorea ixteko aginduak bere horretan jarraitzen du, eta baita taldeko kirola eteteko aginduak ere. Azken bi neurriok momentuz Usurbili ez diote eragingo, gaurkoz behintzat 500etik beherako intzidentzia baitu. Ostiral honetan bertan ezagutu diren azken datuen arabera, eremu laranjan segitzen du udalerri honek, 317,06ko intzidentziarekin. 

Honenbestez, iragan astetik indarrean diren neurriei eutsiko diote udalerri honetan; ostalaritza sektoreak zabalik segiko du, taldeko kirol jarduerek ere martxan segi ahalko dute edota baita dantza taldeen entsegu saioek ere.