Koronabirusa

Astelehenetik aurrera indarrean izango den dekretua plazaratu du Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 23a, 10:24

Datorren astelehenetik, urtarrilaren 25etik aurrera indarrean izango den Eusko Jaurlaritzaren dekretu berria plazaratu du larunbat honetako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak. Lerrootan duzue osorik. Momentuz Usurbilera dakartzan aldaketa nagusiak bi dira; batetik bilkurak 6tik 4ra mugatzea agintzen duela dekretu berriak. Eta aldaketa nabarmenena, ezingo da herritik atera edo sartu. Azaroan gertatu bezala ordea, hainbat salbuespen ezarri dira.

XEDAPEN OROKORRAK
LEHENDAKARITZA
365

4/2021 DEKRETUA, urtarrilaren 22koa, lehendakariarena, zeinaren bidez hirugarren aldiz aldatzen baita honako dekretu hau: 44/2020 Dekretua, abenduaren 10ekoa, lehendakariarena, zeinaren bidez prebentzio-neurri espezifikoak testu bakar batean bildu eta eguneratuko diren, alarma-egoeraren adierazpenaren eremuan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko.

Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak –SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duenak– birusaren hedapenari aurre egiteko askotariko neurriak aurreikusten ditu, eta horien erabilgarritasuna egiaztatuta geratu da, gure inguruko herrialdeek ere modu sistematikoan neurri horietara jo baitute, bat etorriz Osasunaren Mundu Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek adierazitakoarekin. Azaroaren 3ko 956/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma-egoera hori luzatu egin zen, eta 2021eko maiatzaren 9ra arte luzatzeko aurreikuspena egin.

Testuinguru horretan, lehendakariak bere eskumenez baliatuz emandako abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan, adierazpen orokor bat egiteaz gain, eranskin bat ere gehitu zuen, eta, horren bidez, osasun publikoaren arloan jada hartutako neurri espezifikoak xeheki eguneratuta, oinarrizko eskubideei eragiten dieten eta alarma-egoeraren erregulazioan kokatzen duen aurreikuspen espezifiko bat duten hainbat neurri zehazten dira, agintaritza eskudunak osasun publikoaren krisi-egoerari aurre egiteko ezinbestekoak diren modulazio egokiak ezarri ahal izan ditzan, haren larritasun handiarekin proportzionalak, oinarrizko eskubiderik eten gabe, betiere Konstituzioaren 55. artikuluak eskatzen duenaren arabera.

Etengabeko ebaluazioak eta jarraipenak, egoera epidemiologikora etengabe egokitzen dela bermatzeko, aldaketa hau egin beharra ekarri dute, Labiren foroko zehaztapenak eta neurri sakonak aztertu ondoren, osasun-babesaren eta gizarte gisa dugun aurrerapenaren arteko oreka lortu nahian, betiere.

Euskal Autonomia Erkidegoko lehendakariari dagokio, agintaritza eskudun gisa, alarma-egoeran eraginkortasunez ezartzen den zehaztapena onartzea.

Horrenbestez, SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko alarma-egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 2. artikuluan eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8. artikuluan oro har xedatutakoaren arabera, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.

Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 2. artikulua. Honela idatzita geratuko da:

«2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartu eta ateratzeko murrizketari eutsiko zaio.

2.– Nolanahi ere, urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik egiten diren joan-etorriak baimenduko dira, behar bezala justifikatuta badaude.

a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki kalteberei laguntza eta zaintza ematea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.

g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko jarduketak (errekerituak edo presakoak).

h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.

i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.

j) Ezinbesteko kausa edo premia-egoera dela eta.

k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

3.– Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatu behar diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak ez du inolako murrizketarik izango.

4.– Era berean, mugatu egiten da bizilekua duten udalerriko barruti bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera, aurreko atalean aurreikusitako salbuespenekin. Salbuetsita daude, era berean, baimendutako kirol-entrenamenduetarako eta lehiaketetarako beharrezko lekualdatzeak.

5.– Artikulu honen ondorioetarako, interesdunak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena izan daiteke egiaztatzeko bidea, non interesdunak bere erantzukizunpean adierazten duen betetzen dituela dekretu honetan mugikortasun-mugaren salbuespenak justifikatzeko ezarritako betekizunak. Joan-etorriaren jatorriari, helburuari eta arrazoiari dagokienez egiaztatu nahi diren betekizunak zehaztu beharko dira adierazpen horretan. Erantzukizunpeko adierazpenean jasotako edozein datu edo informazio zehatza ez bada edo faltsua bada, ezin izango da joan-etorriarekin jarraitu, hargatik eragotzi gabe dagozkion erantzukizunak.»

Bigarrena.– Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egotea mugatzea.

Aldatu egiten da abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuaren 3. artikulua. Honela idatzita geratuko da:

«3. artikulua.– Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egotea mugatzea.

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak deklaratutako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, eutsi egingo zaio erabilera publikoko espazioetan –itxietan nahiz aire zabalekoetan– eta erabilera pribatuko espazioetan egon daitezkeen pertsona-taldeen mugari. Gehienez ere lau laguneko taldeak izango dira, salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo menpeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak. Nolanahi ere, gomendatzen da ez egitea bizikidetza-unitate bat baino gehiagoko bilera edo topaketarik, batez ere barne-eremuetan.

2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-, hezkuntza- eta erakunde-jarduerak, ezta araudi aplikagarrian berariazko neurriak ezartzen zaizkienak ere.»

Hirugarrena.– Prebentzio-neurri espezifikoak.

Dekretu honen aurretik hartutako neurriak, eranskin gisa jasotakoak, indarrean mantentzen dira eta aplikatuko dira, eta ondoren ezartzen diren neurri berriak txertatuko dira:

Ostalaritzako establezimenduak eta zerbitzuak, jatetxeak, txokoak eta elkarte gastronomikoak.

Aldatu egiten da eranskinaren 9. ataleko 3. puntua, eta honela geratzen da idatzita

«3.– Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduek, berriz irekitzeko gaituta badaude, aire zabaleko terrazetan eskaini ahal izango dute zerbitzua, eta gehienez ere edukieraren ehuneko berrogeita hamarreko erabilgarritasuna izango dute barruan. Mahai desberdinetan eserita dauden pertsonen artean, kanpoan zein barruan, gutxienez metro eta erdiko distantzia egokia mantentzen dela bermatu beharko da, nolanahi ere. Mahai bakoitzeko bezero-taldeak ezin izango dira lau pertsona baino gehiagokoak izan, eta ezin izango dira bi mahai edo gehiago elkartu pertsona-kopuru handiagoko talde batentzat. Berariaz gomendatzen da establezimendu barruan telebistaz eskaintzen diren kirol-ekitaldiak taldean ez ikustea.

Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, barruan nahiz kanpoan, erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute. Berariaz gomendatzen da establezimendu horietako terrazetan eta horien inguruan ez erretzea.»

Kirola

Aldatu egiten da kirolari buruzko atalaren lehen paragrafoa, maskararen erabilerari buruzkoa, eta honela geratzen da idatzita:

«Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.»

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Dekretu honetan zein abenduaren 10eko 44/2020 Dekretuan eta haren aldaketetan aipatutako neurrien jarraipena eta etengabeko ebaluazioa egingo da, neurriok egoera epidemiologikoaren bilakaerara egokitzen direla bermatzeko. Horretarako, 20 eguneko epean, neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, hargatik eragotzi gabe aurretik egoki edo beharrezko iritzitako berregokitze oro egitea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Dekretu honek 2021eko urtarrilaren 25eko 00:00etatik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteizen, 2021eko urtarrilaren 22an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.