Osasuna, ingurumena eta justizia babestu eta erakundeek, deitzaileen esanetan agerturiko mespretxua salatu eta haserrea adierazteko giza kate berezia egin da larunbat eguerdi honetan Donostian, GuraSOSek antolatuta. Zubietako erraustegian azken urteotan izandako sute, leherketa eta isuri eta gainerako istripuak salatu eta behingoz azpiegitura hau geratzea eskatu dute.
Mobilizazio oso berezia izan da, pandemia garai honetan eragile honek deitutako lehenengoa; covid19 garaiko lehen giza katea. GuraSOSen SOS edo larrialdi dei hori islatzen duten hizkien koloreko musukoekin parte hartu dute gipuzkoarrek; antolatzaileek mobilizazio atarian banatu dituzten musuko gorriekin. Pandemiak une honetan hain beharrezkoa dugun elkarri eskua ematea eragotzi du, katea honenbestez ezin izan da eskuekin osatu; baina ezarriak dauden prebentzio neurriak zorrotz betez, pertsonekin bai. Katebegi bakoitza norbanako edo bizikidetze unitate batek osatu du, garai zail hauetan ere halako mobilizazioak modu egokituan egin daitezkeen adierazle argia izan da.
Aipatu moduan, eskua eman gabe, baina elkarrekin lerrokatu dira denak, "osasuna, ingurumena eta justizia" babesteko aldarriaren bueltan. Giza kateko lehen metroetan usurbildar anitz aurkitu ditugu, baina baita Donostiatik bertatik nahiz Gipuzkoako beste hainbat txokoetatik joandako herritarrak ere.