GURASOSEN ADIERAZPENA
1998an Danimarkan ingurumen alorrean jendarteak informazioa eskuragarri izateko, erabakietan parte hartzeko, eta justiziarako sarbidea edukitzeko Nazioarteko Hitzarmena sinatu zen; ingurumen demokraziaren hitzarmena.
Bertan azpimarratzen zen, ingurumena babestea oinarrizko eskubideak bermatzeko ezinbestekoa zela, bizitzarako eskubidea izateko, zehazki.
Horretarako oinarrizkotzat jotzen zuen herritarrok informaziorako sarbidea izatea, erabakietan parte hartzeko gai izatea, eta ingurumena babesteko eta legea betearazteko justizia-mekanismo eraginkorretarako bideak edukitzea.
Testuinguru honetan, Eusko Legebiltzarrak urte berdinean ingurumenaren Babeserako Euskal Legea onartu zuen, zeinak aurreikusten zuen herritarron esku hartzea epaitegietan eskatu ahal izateko ingurumenaren babesa.
Hitz politak... Baina ekintzak?
2016an GuraSOSek Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zion herritarren parte hartze-prozesu bat abiaraz zezala, erraustegia eraiki ala ez erabakitzeko. Erantzuna ezezkoa izan zen, eta, egun horretan bertan kontratazio espedientea hasi zuen, 35 urtetarako eta 1000 milioi euro baino gehiagokoa.
ZERO PARTE HARTZEA
Obrak 2017ko maiatzean hasi ziren. Eta hortik aurrera herritarrei ezkutatu egin zaizkigun gertaera batzuk eman dira:
1-2018ko martxoaren 22an SOS Deiak-ek dei bat jaso zuen. Arkaitzerrekan isurketa bat izan zen. Erraustegiaren obrak ziren.
2-2019ko ekainaren 11n leherketa bat eta sute txiki bat gertatu ziren transformadore nagusiaren babes lekuetan. Transformadorea baimenik gabe eraiki eta martxan jarri zuten.
3-2019ko uztailaren 28an isurketa berri bat izan zen Arkaitzerrekan.
4-2020ko maiatzaren 9an bizilagun batek SOS DEIAK-i deitu zion. Ehunka arrain eta aingira hilda agertu ziren Arkaitzerrekan. Istripu-kimikoa. Egun batzuk zeramaten ur amoniakodun milioika litro isurtzen. Errekaren ekosistema txikitu zuen; erabateko delitu ekologikoa.
5-2020ko irailaren 1ean berriro transformadore nagusian sute bat izan zen. Hirugarren industria-istripu larria.
6-2020ko azaroan sute larri bat gertatu zen erraustegiaren hondakinen hobian. Ez zieten suhiltzaileei deitu, eta langileek beraiek kontrolatu zuten sua.
7-Abenduaren 31n erraustegiaren hobian sute berri bat izan zen, langileek amatatu zuten.
8-2021eko urtarrilaren 12an hirugarren sutea bi hilabeteko epean. Oraingoan suhiltzaileei deitu zieten eta SOS DEIAK-ek Twitterren gertaeraren berri eman zuen. Sutea bezperan sortu zen.
3 isurketa, 3 sute, 3 istripu-industrial larri.
Hori guztia da ezagutzen duguna ikertu dugulako, ez dakigu gehiago jakiteko zer falta zaigun.
ZERO INFORMAZIOA. ZERO GARDENTASUNA. ZERO TEKNOLOGIA.
Hau guztia ez da kasualitatea edo zorigaitza. Gertatutakoak jatorri argia du: enpresa kontzesionarioak errentagarritasun ekonomikoa lehenestea. Pribatua, publikoaren kaltetan, hau da, segurtasuna, osasuna eta ingurumenaren kaltetan. Ez da zorte txarra. Arduragabekeria da, segurtasunarekiko eta ingurumenarekiko mespretxua da. ZERO BERMEA.
Kalte ekonomikoak ere badira. Enpresa kontzesionarioari ordaintzen ari zaio obrak amaitu gabe. Are gehiago, atzerapenengatik adostutako zigorrak barkatu egin zitzaizkion. Orotara, oraingoz, 41 milioiko kalteak diru publikorako, horiek zuzen-zuzenean doaz enpresa kontzesionariorengana.
Kalte guztiak, ekonomikoak eta ingurumenari dagozkionak, hemen salatu ditugu, Justiziaren aurrean. Egongo al da, orduan, justiziarik? Legea betearazteko eta ingurumena errespetatzeko justizia-mekanismo eraginkorrak al ditugu?
Horietako bat da eragileon eta herritarron ekintzak ingurumen alorrean. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak berriki eskatu diote Konstituzio Epaitegiari bertan behera utz dezala ekintza publikoa ingurumenaren Euskal Legean, orain dela 23 urte onartu zena, hain zuzen ere. Horren arrazoia Ingurumen Baimenaren aurka GuraSOSek egindako errekurtsoa izan da. Helburua? Kontrol soziala gainetik kentzea.
Justizia hau prest al dago boteretsua gelditzeko eta jendartearen osasuna eta ingurumena babesteko eta bermatzeko?
Ekintzak eskatzen ditugu: ZERO JUSTIZIARI EZ
Eta noski gu guztion baitan dago:
erraustegia gelditzea orain!
Eraikuntza kutsagarrien kontrol demokratikoa
Herri-galdeketa
Ingurumen demokrazia eskatzen dugu
Eta bukatzeko, testuinguru honetan garrantzitsua ikusten dugu aurreko urteko Feministaldian Yayo Herrerok ikuspegi ekofeminista batetik egiten zuen ekarpena. Larrienak ez dira datuak, larriena zera da, datu hauen aurrean ezer ez egitea. Eta horregatik gaude hemen hain zuzen.
Bizitza suntsitzen duen eredu honen aurrean mobilizatu behar gara.
Makinaria hau nolabait gelditu egin behar dugu.
Eta hau gelditzeko palanka maitasuna da. Maitasun hau maitasun politikoa da, ausardiaz aurre egiten duena, antolatu egiten dena eta mobilizaziorako prest dagoena. Eta hori guztia kolektibitatean.
Eta hor kokatzen dugu gure burua: gure ingurumena eta umeenganako maitasuna da borroka honen motorea.