Zubietako erraustegia

Ingurumen larrialdia salatzeko "Aldaketaldian" parte hartzera deitu du GuraSOSek

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 23a, 13:19

GuraSOSen larunbat eguerdi honetako Donostiako giza katea, GuraSOS bera kide duen Larreko Mahaiak ingurumen larrialdia salatzeko antolatu duen Aldaketaldia ekimen zikloaren baitan egin da. Ziklo honen bueltan mobilizatzera deitu du GuraSOSek. Zenbait hitzordu Usurbilen deitu dira.

"Mobiliza gaitezen", hortxe GuraSOSek larunbat eguerdi honetako giza katearen amaierako ekitaldian gipuzkoarrei luzatu dien gonbita. Gaurko mobilizazioa ingurumen larrialdia salatzeko Larreko Mahaiak deitutako "Aldaketaldia" ekimen zikloaren baitan kokatua zegoen. 

GuraSOS ere, beste hainbat eragile sozial, sindikal eta ekologistekin batera kide duen bilgune honen bueltan hitzordu gehiago deitu dituzte egunotarako Gipuzkoan, baita Araban eta Bizkaian ere, "Zaldibar gogoratuz, ondo bizi eta bizitzen uzteko" aldarripean. Tartean, Usurbilen. Anerreka Ingurumen Elkarteak udalerri honetako kutsadura-fokuei buruzko hitzaldia eta "Lurgaia" fundazioaren aurkezpena iragarri du datorren asterako. 

Horrez gain, urtarrilaren 30ean, astebete barru izango da Larreko Mahaiaren mobilizazio nagusia Donostian.


"ALDAKETALDIA": USURBILEN BUELTAKO EKINTZAK
Urtarrilak 27, asteazkena
18:30 Hitzaldia Potxoenean: "Usurbilgo kutsadura-foku nagusiak".
Zehaztasunak: eragile sindikal, sozial eta ekologista anitz biltzen dituen Larreko Mahaiak ingurumen larrialdia salatzeko deitu duen "Aldaketaldia" ekimen zikloaren baitan, "Usurbilgo kutsadura-foku nagusien azalpena" hitzaldia antolatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak.
Antolatzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.



Urtarrilak 29, ostirala
18:30 "Lurgaia" fundazioaren aurkezpena Sutegin.
Hizlaria: Jon Hidalgo lehendakaria.
Zehaztasunak: bertako basoa berreskuratzeko eragile "Lurgaia" fundazioaren aurkezpena.
Informazio gehiago: lurgaia.org
Antolatzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.



Urtarrilak 30, larunbata
17:00 Eragile sindikal, sozial eta ekologista anitz biltzen dituen Larreko Mahaiak ingurumen larrialdia salatzeko deitu duen "Aldaketaldia" ekimen zikloaren baitan, mobilizazio nagusia Donostian; "ahal den manifestazio batu, animatu eta koloretsuena". Gladys Enea, Bilbo plaza, Getaria kalea eta Bulebarra zeharkatuko ditu.

Deitzailea: Larreko Mahaia.