Memoria frexkatu digu aipatu bilguneak; “arrazoi politikoak tarteko, 1968tik 43 usurbildarrek (bertan jaiotakoak edo bertan bizi direnak) ezagutu dute espetxea. Horietako batzuk behin baino gehiagotan izan dira kartzelan. Urte gehien egin dituena Xabier Aranburu “Xomorro” izan da”, oroitarazi du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Aginagarrak 25 urte espetxean bizi izan zituen.
Usurbilek aipatu moduan ez du errepresaliatu politikorik baina Euskal Herriak bai, “218 preso eta dozenaka iheslari edo deportatu dauzkagu oraindik etxeratzeke”. Ondorioz lanean segitzeko beharra azpimarratzen du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. “Euskal Herriko gainerakoek ere presorik eta iheslaririk gabeko herriak izateko. Ahalegin horretan, ordea, aurrerantzean Sare izango da eragile nagusia”.
Konponbidearen alde lanean segiko dute
90. hamarkadan “Senideak” bilgunea aritu zen eremu honetan eragiten, Etxerat-ek hartu zion lekukoa duela 20 urte. Etxerat-eko tokiko taldea izan da urteotan Usurbilen Nahi Ditugu. “Bere jarduna, euskal preso eta errepresaliatu politikoen asistentzia eta senideon arteko sostengua eta laguntza bermatzearekin batera, bai beraien eta baita gure eskubideen urraketen berri ematea, dagozkigun eskubideen errespetua exijitzea eta bi estatuek (Espainiak eta Frantziak) izandako politiken ondorioei aurre egiten laguntzea izan dira gure elkartearen helburuak”.
Usurbilen aipatu helburuok bete dira, “baina zoritxarrez, oraindik orain, preso eta iheslarien auzia konpontzeke dago”. Ezinbestekotzat jotzen dute konponbidera lehenbailehen heltzea Euskal Herrian, “bizikidetzara eta bakera iristeko eta sufrikario honekin amaitzeko. Usurbilen Nahi Ditugu taldeko kideok gatazka politikoaren ondorioei behin betiko konponbidea emateko lanean segituko dugu”.
“Zuei guztiei esker, ez gara bakarrik sentitu!”
“Norbait ahazteko arriskua hartuta eta aurrez barkamena eskatuta” bidelagun izan dituztenak eskertu nahi dituzte, “zama hau eramatea askoz errazagoa egin zaigu” eta. Batetik, “Udalaren laguntza nabarmendu nahiko genuke. Izan ere, tarte batean alkate izandako batekin izandako gorabehera batzuk kenduta, oro har bere esku dagoena egin duelako bai gure eta baita gure senideen eskubideak defendatzeko eta jasan ditugun egoeren ondorioak baretzeko”.
Oso hurbil sentitu dituzte baita “herriko talde, eragile eta elkarte asko”. Zenbaezinak zaizkie “ate joka joan garen bakoitzean beren laguntza eman diguten musikari, abeslari, dantzari, argazkilari, soinu eta bideo teknikariak; gure pankarta, kartelak, eskuorri, aldizkari eta beste euskarriak diseinatzen, egiten, inprimatzen eta banatzen lagundu digutenak bezala. Zer esanik ez, egun seinalatuetan (Sagardo Eguna, Santixabelak, Erle Eguna, Santomasak, Gabonak…) izan gaztainak erretzen, taloak egiten, txosnak jartzen, zikiroa erretzen, tartak egiten; kantuan gurekin kalejirak egiten, errifak saltzen (… eta erosten), herri-bazkariak eta afariak antolatzen eta osagaiak muxutruk ematen; hainbat material saltzen edo sinadura-bilketetan mahaiak jartzen aritutakoak. Manifestazio handien antolakuntzan lagundu digutenak. Bileretarako, materiala gordetzeko eta gure lanetarako bere lokaletan txoko bat utzi digutenak. Ikastolan gure seme-alabak pairatu dituzten ondorioak leuntzeko irakasleek egindako ahaleginak. Gure eskakizunekin bat egin duten elkarte, alderdi, parrokia, sindikatu, emakume-, gazte-, kirol- eta kultur taldeak. Gure ekimenen berri eman duten NOAUA! eta “Usurbil Eginez” bloga”.
“Alboan izan ditugun herritar guztiak. Elkartasun itzela erakutsi digute urte luze hauetan elkarretaratze eta mobilizazioetan parte hartuz, ekarpen ekonomikoak eginez, bisitetako bidaietan edo beste hainbat egoera zailetan beti gertu izan ditugu. Zuei guztiei esker, ez gara bakarrik sentitu!”.