Ez Dok Amairu mugimenduaren irudia

Remigio Mendibururen "Txalaparta" San Telmon

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 26a, 08:33

Irudia: San Telmo Museoa.

Frontoi atzeko Udarregiren omenezko eskultura sortu zuen Remigio Mendibururen "Txalaparta" artelana, Artze anai usurbildarrak kide izan zituen Ez Dok Amairu kultur mugimenduaren irudia izan zena, bere bildumara gehitu du Donostiako San Telmo Museoak . Bertan izango duzue ikusgai aurrerantzean.

San Telmo Museoan ikusgai izango dugu aurrerantzean, euskal kulturaren historiari estuki lotutako sortze lan bat, Usurbili ere bai. Remigio Mendiburuk 1965. urtean eginiko "Txalaparta" eskultura bere bilduma eta erakusketa iraunkorrean txertatu du Donostiako Alde Zaharreko museoak. "Pieza hau Mendibururen obraren eta euskal artearen pieza esanguratsua da", nabarmendu dute San Telmotik. 

Usurbili ere estuki lotua dagoena, bai sortze lana baita egilea ere. "Txalaparta" artelana, besteak beste, Artze anai usurbildarrak kide izan zituen Ez Dok Amairu mugimenduko ikurra, irudia, logoa izan zen. "Txalaparta Remigio Mendiburuk zurezko habeekin egindako lehen lanetako bat da; haritz egurrez egina, 86x430x68 zentimetro ditu. Eskultoreak material organiko horrekiko eta herri kulturako elementuekiko zuen interesaren isla da, bai poetikoki zein kontzeptualki", aipatu museotik azaldu dutenez.

"Euskal kulturaren pieza ikonikoa"
Bidaiatu duen sortze lana dugu honakoa. "1965ean aurkeztu zen lehen aldiz Madrilgo Neblí Aretoan, eta urtebete geroago, Donostiako Barandiaran galerian Gaur taldeari buruzko erakusketan. Lanak sortu zuen miresmena zela-eta 1967an Nestor Basterretxea eskultoreak Ez Dok Amairu musika mugimenduaren logotipo eta ikur bilakatu zuen". 

Hala, Mendibururen ondorengo lanetan islatu zen sortze lan honen arrastoa eta "euskal kulturaren pieza ikonikoan bihurtu zen". 

Aurrerantzean, San Telmon izango da ikusgai. "Artistaren familiari erosi dio museoak "Txalaparta". Mendibururen lana kontserbatu eta ezagutzera emateko lan garrantzitsua egiten du bere familiak, eta haiek erraztu dute ere Txalaparta San Telmo Museoko bildumaren parte izatea". 

Sortze lan adierazgarri honek, "60ko hamarkadako arte eta eskultura mugimenduari eskainitako eremua aberasten eta osatzen du, eta laguntzen du garaiko artistek kultura tradizionalaren sinboloak unean uneko hizkuntzetara egokitzeko eta aldatzeko zuten interesa islatzen". Gogoan izan, Remigio Mendiburuk sortu zuen baita, Usurbilgo frontoi atzean ikusgai duzuen Udarregiren omenezko eskultura. Ondoan du baita, Usurbilgo Udalak antolatzen duen Harria Hitz bisita gidatuak osatzen duen ibilbideari jarraiki, frontoi atzeko Zumetaren murala. 

Bi artista hauen sortze lanek Usurbilen soilik ez, aurrerantzean San Telmo Museoko espazioa ere partekatuko dute. "Txalapartak Oteiza, Chillida, Amable Arias, Sistiaga, Zumeta, Basterretxea eta Ruiz Balerdiren lanekin partekatuko du espazioa museoan", adierazi dute San Telmotik.