"Kexa bada eraginkorra"

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 27a, 10:25

Behatokiak prestakuntza saio bat eskainiko du.

Euskaraz biziko bagara, ez da nahikoa euskaraz egitea. Esaldi eztabaidagarria izan liteke, baina testuingurura ekarrita hobeto uler liteke: euskara hizkuntza ofiziala izanik, euskaraz aritzeko eskubidea aitortua dugu herritarrok; aitzitik, euskaraz aritzeko eskubide hori baliatzeko espazio eta aukerarik eman ezean, nekez bizi gintezke euskaraz. Legez egindako aitortza, praktikan ere egin beharra dute, bestela esanda, eremu publiko zein pribatuak.

Hizkuntz eskubideen borroka ez da atzo goizeko kontua. Jakina da euskarari dagokion tokia egiteko azken hamarkadetan egindako lana handia izan dela. Herri ekimenak urratutako bidean administrazioak protagonismoa hartu zuen, eta bien arteko elkarlanak fruitu esanguratsuak eman ditu. Urrutira joan gabe, Usurbilgo Udala izan zen UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen sortzaileetako bat, eta, egun, harro esan dezake euskara duela lan eta zerbitzu hizkuntza.

Alabaina, zoritxarrez, ohituegi gaude, oraindik, han eta hemen urraketak ikusten: dela hizkuntza paisaian, entitateren baten jakinarazpenean, publizitatean, aisialdian... Erdara hutsezko edukiak sarri.  Pandemia egoera honetan, gainera, urraketok nabarmen areagotu dira... Zer egin horrelakoetan? Nola liteke halakorik euskarak lege-aitortza badu?

 

OXKAR SANTAMARIA

“Pandemia egoera honetan, urraketak nabarmen areagotu dira... Zer egin horrelakoetan? Nola liteke halakorik euskarak lege-aitortza badu? Galdera horien erantzunak topatzeko saio interesgarria izango dugu otsailaren 3an, 18:00etan, Potxoenean”

 

Galdera horien erantzunak topatzeko herritarrak ahalduntzeko saio interesgarria izango dugu otsailaren 3an, 18:00etan, Potxoenea kultur etxean. Agurne Gaubeka, Hizkuntz Behatokiko zuzendaria izango da gurean, herritarrok ditugun hizkuntz eskubideak gogorarazi, eta haiek bete daitezen aldarrikatzeko ditugun tresnak ezagutarazteko. Txikitik eragiteko ahalmena izugarria da, eta horregatik uste dut saio benetan aberasgarria izango dela denontzat.

Ekimena Usurbilgo Udalaren eta Hizkuntz Behatokiaren arteko elkarlanaren emaitza da. Bien arteko hartu-emana ez da berria –2009tik laguntzen du Udalak hizkuntz eskubideen defentsan diharduen erakundea–, baina, aurten, berrindartu egin da konpromisoa. Abenduan eman genuen xehetasunen berri: formakuntza saioez gain, Behatokiak Usurbilen gertatu edo salatutako urraketen txostena helaraziko dio urte amaieran Udalari, besteak beste.

NOAUA! eta UEMA bidaide izango ditugu egitasmo honetan. Herritarrek, hortaz, lauotako  edozeini helarazi ahal izango dizkiote kexak. Egiari zor, orain arte asko izan dira kontzientzia hori erakutsi eta kexak helarazi izan dituzten usurbildarrak. Benetan txalotzekoa eta eskertzekoa da euren jarrera aktiboa. Udalak bera ere gertutik jarraitzen du gaia. Batzuetan, Udalaren beraren ardurapeko zerbitzuekin lotutakoak izan dira urraketak; beste batzuetan, entitate pribatu edo administrazio orokorraren menpeko erakundeenak.

Eskubideez ari gara, eta, beraz, handira jokatu beharra dago (dugu). Txikikeria dirudiena ere urraketa da, salatzeko modukoa. Udalean borroka hori gure egin nahi dugu, eta horregatik, gonbita egin nahi diegu herritarrei halakorik pairatuz gero geuregana etor daitezen (Sutegi, Potxoenea eta Urbilen postontziak jarriko ditugu idatzizko kexak bideratzeko) edo Behatokiaren kanalak (Akuilari, euskararen telefonoa) erabil ditzaten.

Nahi duenak, noski, izena eman dezake www.usurbilkultura.eus atarian, hilaren 3ko saioan parte hartzeko (lagun-kopurua mugatua da). Ziur nago interesgarria izango dela, eta aberasgarria. Usurbil udalerri euskalduna da, eta uste dut euskaldun izaten jarrai dezan kontuan hartzeko moduko gakoak mahaigaineratu litezkeela bertan.

Oxkar Santamaria, Euskara saileko udal zinegotzia.