Negu honetan, EH-ko Mus Txapelketarako sailkatze probarik ez

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 28a, 08:25

Negu partean Usurbilgo Aitzagan eta Aginagako Atarialde elkarteetan ospatu izan diren Euskal Herriko Mus Txapelketako kanporaketa saiorik ez da jokatuko datozen asteotan, covid19-aren eraginez. Iazko udaberriko konfinamendu hasieran ospatzekoa zen aurreko edizioko finala aurtengo martxorako antolatu dute. 

Euskal Herri luze zabaleko mus zaletuak biltzen dituen txapelketaren edizio berririk ez da ospatuko negu honetan; bistan denez, bizi dugun osasun krisialdiagatik. "Uste dugu momentu honetan Covid-19 bezala ezaguturiko gaitzari aurre egiteak lehentasuna duela. Horregatik osasuna eta pertsonak erdigunean jarriz aurten, nazio mailan herriz herri burutzen den mus txapelketa ez antolatzea erabaki dugu", berri eman du Euskal Herriko Mus Federazioak. 

Dakizuenez, Euskal Herri mailako final handi batekin amaitu izan da aurreko urteetan ekimen hau. Aurretik, herrialdeetako zazpi finalaurreko jokatu izan dira eta hitzorduotarako sailkatzeko saioak herriz herri, abendua-otsaila artean. Tartean, azken urteotan, Usurbilgo Aitzagan eta Aginagako Atarialde elkarteetan antolatu izan dituzte kanporaketa saioak. Asteburuotan ospatuko ziren hamahirugarren edizioko hitzorduok beraz ez dira ospatuko.

Finala martxoan
Hamahirugarren edizioa ezingo da ospatu, baina hamabigarrena, 2020koa ere amaitu ezinik utzi zuten, martxoaren 14an etxean konfinatzeko agindu zigutelako. Larunbat hartan hain zuzen zen ospatzekoa Arabako Zigoitian Euskal Herriko Mus Txapelketaren hamabigarren edizioaren final nagusia.

"Covid-19 bezala ezaguna egin den gaitzaren zabalpen bizkorrarekin egin genuen topus. Hastapeneko garai haiek, garai nahasiak izan ziren, ez genekien gaitzaren zabalpena eta hartuko zuen dimentsioaren berri eta denborak erakutsi digu asmatu genuela nazio mailako finala atzeratzearekin".

Hasiera batean maiatzera atzeratu zuten final handia. "Nahikoa izango zelakoan bageunden ere, garbi dago momentuan epe motzean ez dagoela baldintzarik zazpi herrialdeetako 128 bikote segurtasunez biltzeko eta musean aritzeko". Ondorioz, urtebetez, 2021eko martxora atzeratu dute. "Sailkaturiko bikoteen zerrenda badugu, webgunean dugu plazaraturik eta bakoitzarekin harremanetan ere jarri gara. Beraz aurten finalera sailkatu zirenek martxoan jokatuko dute finala Zigoitian", iragarri dute antolatzaileek.

Informazio gehiagorako, ehmus.eus ataria.