Adi igandean N-634 errepidea baliatu behar duzuenoi; itxita aurkituko duzue. Hala jakinarazi du ostegun honetan Usurbilgo Udalak. Troia eta Txikierdi arteko mendi magala egonkortzeko egiten ari diren lanen eraginez itxiko dute errepidea urtarrilaren 31ko egunaren zatirik handienean; goizeko 8:00etan hasi eta arratsaldeko 17:30ak arte.
Errepideen zaintza lanen eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dio Udalari itxieraren berri. "Altuera handian egin beharreko garbiketa lanak tarteko itxiko dute". Honenbestez, ezingo da errepide horretatik Donostia aldera joan ezta kontrako noranzkoan, Usurbil aldera etorri ere. Bide alternatiboak baliatu beharko dira; Zubietako bidea edota Kalezarretik Arratzain alderako bidea. Ordu tarte horretatik kanpo, igande goizeko 8:00ak arte eta lanok amaitu ostean, igande arratsaldeko 17:30etatik aurrera ere, egungo egoeran segiko du errepideak; errei bat soilik zabalik duela eta ibilgailuen joan etorria eten edo baimentzeko behin-behinean jarriak dituzten semaforoekin.
Arrisku egoerak
Semaforoek baimendu edo ukatzen dute ibilgailuen joan etorria Troia eta Txikierdi artean. Eremu horretan Donostia aldetik etorriz gero Troia aldeko bidera sar daiteke. Baina alderantziz, bide horretatik N-634 errepidera ezin daiteke sartu, Donostia aldera joateko, Usurbil aldera etortzeko soilik. Azken asteotan, zenbait egoera arriskutsu ikusi dira errepide zati horretan, Troiako aldapatik Donostia aldera joateko sartzen direlako hainbat ibilgailu, seinaleek argi hala egitea eragotzi arren. Sarbide hori ez du semaforo batek kudeatzen, eta areagotu egiten du Usurbil aldetik Txikierdira nahiz alderantzizko bidea egiten ari diren autoren batekin istripua izateko arriskua. Gauza bera gertatzen ari da baita, baimendua egon arren, Troiatik Usurbil alderako sarbide horretan ere.