Igandean ospatzekoa zen Irisasi BTT “Hotzak Akabatzen” 2022ra atzeratua

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 07:12

Mendiko bizikleta zaletuentzat egutegian seinalatua dagoen hilabete amaierako Irisasi BTT “Hotzak Akabatzen” probarik ez da izango aurten pandemia tarteko. 10. edizioa behar zuena 2022. urtera atzeratu dute. Antolatzaileekin bildu da NOAUA!.

Noiz erabaki zenuten 2021eko edizioa bertan behera uztea?
Proba beti iraila erdialdean prestatzen hasten gara. Oraingoan lehen bilera egin genuen erabakia denon artean hartzeko, baina argi ikusi genuen alferrik izango zela antolaketa prozesu guztia martxan jartzea, gero proba bertan behera uzteko. Urtarrilean proba egitea ez zela posible izango ikusi eta antolatzen ez hastea erabaki genuen.

Urtebete atzeratua geratu da ezta?
2022. urteko urtarrileko azken asteburuan izango litzateke. Babesle batek deitu zigun ia uda honetan antolatuko genuen. Garbi genuen ezetz. Alde aurretik erabakia hartua genuen.

Neguko xarma berezia galduko luke probak udan ospatuta.
“Hotzak akabatzen” udan ez zen oso egokia. Kontuan izan, 2020. urtean, iaz egin zen proba gutxienetako bat ospatu zena gurea izan zen. Udaberri eta uda partean izaten diren probak bertan behera geratu ziren.

Zer zetorren jakin gabe antolatu zenuten iazkoa, parte hartze marka hautsita.
Marka guztiak gainditu genituen. Eskaera ikusita iaz 500etik 600 lagunera igo genuen parte hartzea. Arrakastatsua izan zen. Halere parte hartzea mugatu behar izaten dugu, segurtasun eta antolakuntza arrazoiengatik.

Aldaketarik ez bada udazkenean hasiko zarete antolatzen 10. edizioa.
Udazkenean berriro antolatzen hasten garenean, egoera nola dagoen aztertu beharko dugu. Aurrera egin ahal izango dela ikusten badugu, dinamika guztia martxan jarri eta antolatuko dugu.

Pandemian murgildu ginenetik "dena" gelditua dago ezta?
Taldekide batzuk kanpoko proba batzuetara joaten dira. Iaz apuntatu ginen zenbait urte honetara atzeratu dituzte. Aurreinskripzioak ordainduta zeudenez dirua itzuli edo 2021. urtean proban parte hartu ahal izateko aukera eskaini dute.


“Negu giroak mendian ibiltzeari ukitu gogorragoa ematen dio”

Hutsune nabarmena nabariko da hilabete amaieran, zuen proba gabe. Zer berezitasun ditu?
Negua giroak mendian ibiltzeari ukitu gogorragoa ematen dio. Urte batzuetan kazkabarra, elurra, euria... egin du. Jendeak gustuko du gogortasun hori. Hasieratik Irisasi mendiko buelta urtarrileko azken igandean egitea erabaki zen eta ezpiritu hori mantendu da. Frogak nortasun propioa duela ikusi dugu kanpoko mendiko bizikleta zaleen artean.

Erreferentziazko hitzordua da haientzat.
Badakite zertara datozen eta mendia nola egongo den. Jende askok agian beste neguko probetan ez du parte hartzen baina gurera etortzen da. Antolakuntzatik saiatzen gara ahalik eta ondoen egiten, eta jendea beti gustura atera izan da, bai probak duen gogortasunarekin eta baita ere egiten zaien harreragatik; urtero sari txiki bat bada denentzat, sari potoloagoak zozketatzen dira, hamaiketakoa eskaintzen zaie... Oso gustura geratzen da jendea eta gustura etortzen dira urtero.

Jatorri ezberdina dute parte hartzaileek. Herrikoez gain nondik datoz zuen probaz gozatzera?
Madril edota Santanderretik etorri izan dira. Probak herria aberasten du; parte hartzaile hainbat landetxeetan geratzen dira lotan. Probak sortzen duen giroa ere gustukoa izaten dute. Kanpoko probetara goazenean, gure maillota ikusten dutenean oso ezaguna da.

Mendirako joera geroz eta handiagoa da lasterkarien artean; mendiko bizikleta zaletuekin gauza bera gertatzen ari da? Zaletuak ugaritzen doaz?
Bai, iaz parte hartzea mugatu egin behar izan genuen. Herrian bertan gazteak ez ziren ikusten mendiko bizikletarekin eta orain asko ikusten dira. Belaunaldi errelebo bat bada.

Zaletasun hau sustatzeko sortu zenuten proba?
Larunbat eta igandeetan koadrilan ateratzen ginen mendira. Mendiaz gozatzeaz gain, talde giroa sortu zen. Kide batzuen iniziatibaz proba antolatzen hasteko ideia sortu zen. Sariak ematen zituzten laguntzaileak bilatu ziren. Ez digu aparteko ahalegin bat suposatu antolaketa lanak. Koadrila giroan aritu gara, modu ludiko eta atseginenean antolatzen.

Mendi bideetan ospatzen da proba honen zati handi bat. Udazken honetan sare sozialetan guneotan lanean ikusi zaituztegu. Txukuntze lanetan?
Urtero proba antolatu aurretik pistak garbitzen aritzen ginen parte hartzaileei pizgarri moduan bide berriak eskaintzeko, ez betiko ibilbidea. Erdi utzita, ezkutuan zeuden pista zaharrak berreskuratu izan ditugu. Oraingoan proba antolatuko ez genuela ikusi arren, berdin jokatzea otu zitzaigun, baina herriko gazte talde polita aurreratu zaigu. Mendira atera ginen asteburu batean haiek pistak garbitzen aurkitu genituen. Azkenean gu bi taldeetan aritu ginen eta haiek beste bizpahiru taldeetan. Probarako berreskuratzen ditugu bideak, baina ez gure aldetik, aurrez baimenak eskatuta.

Egoki zaintzen dira pista hauek? Zaintza handiagoa behar lukete?
Azken urteetan, zuhaitzak eta pinuak ateratzen ari dira. Duela bi hilabete ikusi dugu bide orokorrak garbitzen ari direla. Jendea leku berdinetatik ibiltzen bada, ez dago garbitu beharrik, belarra gutxiago hazten da.

Pandemia hilabeteotan ohi baino jende gehiago dabil mendian. Zer nolako errealitatearekin topo egin duzue?
Herritik ateratzeko debekua zegoenean, batek baino gehiagok aipatu zuen, mendiak tabernak irekitzea behar zuela. Izugarria zen tabernak itxiak zeudenean zenbat jende zegoen mendian; bizikleta gehiago, jendea paseoan haurrekin. Orain tabernak irekiak daudela jende gutxiago dabil, betikoak gabiltza.

Elkarbizitza erraza izan al da?
Hemen aipatu beharra dago, mendira bidean Igartzazabal baserria dagoela. Ardiak dituzte. Entzun dugu zenbaitek beherakoan abiadura ez dutela zeharo kontrolatzen, eta abiadura murriztu beharko lukete jaisterakoan. Azken aldian moto asko hasi dira igotzen. Eskubidea dute igotzeko baldin eta Puelara heltzen den pista nagusitik ateratzen ez badira. Hortik gora igotzea debekatua dago baina igotzen ari dira.

Irudika dezakezue nolakoa izango den datorren 10. edizioa? Berezia zalantzarik gabe.
Goizegi da ezer aurreikusteko, baina ilusioa nabari da taldean. Zerbait berezia egingo dugula ziur baietz. Bide batez, gurea ez da talde itxi bat, antolaketa lanetan parte hartu edo mendira gurekin atera nahi duenak atea irekia du. Urteotan osatzen joan da taldea. Taldearekin hartuemanetan jartzeko irisasibtt@gmail.com helbidera idatzi.