Lurgaia Fundazioaren aurkezpena gaur eta Aldaketaldiko mobilizazio nagusia larunbatean

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 07:07

Ingurumen larrialdia salatzeko Larreko Mahaiak egunotarako antolaturiko Aldaketaldiaren testuinguruan, Lurgaia fundazioaren aurkezpena antolatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak ostiral honetarako. Ekimen ziklo honetako mobilizazio nagusia aldiz larunbat arratsaldean egingo da 17:00etan hasita Donostian.

Larreko Mahaiak ingurumen larrialdia salatzeko martxan duen "Zaldibar gogoratuz, ondo bizi eta bizitzen uzteko Aldaketaldia" ziklo betean gara egunotan. Hainbat ekintza egiten ari dira Gipuzkoan bereziki, baita Araban eta Bizkaian ere. Usurbilen Anerreka Ingurumen Elkarteak bi ekitaldi iragarri ditu Usurbilen; udalerri honetako kutsadura-fokuei buruzko hitzaldia antolatu zuen asteazkenean Potxoenean eta "Lurgaia" fundazioaren aurkezpena ostiral honetarako. Horrez gain, larunbatean, urtarrilaren 30ean, izango da Larreko Mahaiaren mobilizazio nagusia Donostian.

"Bizitzaren aldeko norabide-aldaketa"
Bizitzaren aldeko norabide aldaketa sakona ezinbestekotzat jotzen du Larreko Mahaiak. "Agintari politikoek, orain pandemiaren aitzakian, eredu ekonomiko eta sozial jasanezinean sakondu eta larrialdi-egoera areagotzen jarraitzen duten honetan, beharrezkoa da norabide- aldaketa sakona exijitu eta trantsizio ekologiko eta sozialki justu baten alde urratsak emango dituen jendartea aktibatu eta saretzea. Argi dugu bizitzaren aldeko norabide-aldaketa hori ez dela gauzatuko horren alde egiten duen euskal gizarte aktibo eta saretua ez badugu".

Lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea ere badute helburu.
“Globalean pentsatu eta lokalean ekin” leloak adierazi bezala, ezinbestekoa iruditzen zaigu krisi globala hemen bistaratzea, planetari gertatzen ari zaiona gurean hasten dela argi adieraztea; gure garraio-, hondakin-, bioaniztasun-, lurralde antolaketa- edota ibaien saneamendu-politiketan. Beraz, lokala eta globala uztartzeko ekimena izatea nahi dugu, bide batez norberak bere taldearekin ez ezik beste batzuekin elkarlanean, ingurumen- larrialdi honi eraginkortasun handiagoz aurre egiteko abiapuntu".

"ALDAKETALDIA": USURBILEN BUELTAKO EKINTZAK
Urtarrilak 29, ostirala
18:30 "Lurgaia" fundazioaren aurkezpena Sutegin.
Hizlaria: Jon Hidalgo lehendakaria.
Zehaztasunak: bertako basoa berreskuratzeko eragile "Lurgaia" fundazioaren aurkezpena.
Informazio gehiago: lurgaia.org
Antolatzailea: Anerreka Ingurumen Elkartea.

Urtarrilak 30, larunbata
17:00 Mobilizazio nagusia Donostiako Gladys Eneatik Bulebarrera; "ahal den manifestazio batu, animatu eta koloretsuena". Gladys Enea, Bilbo plaza, Getaria kalea eta Bulebarra zeharkatuko ditu.

Deitzailea: Larreko Mahaia.