Joxan Artzeren sortze lanak irakurriak dituenarentzat ezaguna egingo zaio albiste honi atxikia duzuen argazkiko irudia. "Emakumea ta zaintza ta... berdintasunean zaindu" aldarriaren bueltan, egitasmo sorta aurkeztu du udal gobernu taldeak ostiral goiz honetan Potxoenean. Proiektu guztiak aipatu moduan, argazkiko lelo eta irudiaren baitan bildu dituzte.
Iametzak landutako logoak Artzeren sortze lan bat du abiapuntu. Zenbaezina den "lana" hitzaren errepikapenarekin lantegi itxura ematen dion poema hain zuzen, Agurtzane Solaberrieta alkateak azaldu duenez. Bertan, "lana makinaria industrial bat bezala agertzen da eta tartean gizona, ea gizonak horretan guztian lekurik ba ote duen galdetuz". Zapaldutako gizona ageri da sortze lan horretan. "Ideia horri tiraka, genero eta zaintza lanen desorekarekin egin dugu topo, eta Artzeren sortze lanean lana eta gizona den olerki hau, emakumean eta zaintzan bihurtu dugu", zaintza lanak emakumeen gain geratzen direla eta emakumea "zaintzak zapaltzen duen gizaki bat dela" irudikatzeko.
Irudiak ez du salaketa logo soil bat izan nahi, salaketarekin batera alternatibak eskaintzen dituena ere izan nahi du. Udal gobernu taldetik argitu duten moduan hain zuzen, "alternatibak lantzeko prozesuak ditugu martxan". Logoak islatzen dituenak; etxea esaterako. Hor dira Kalezarren, etorkizunean Pelaioenean kokatuko den Emakumeen Etxea edota handik hurbil, garai bateko monjen konbentuaren eremuan eraikitzen ari diren adinekoen auzunea, etxea toki atsegina izan daitekeenaren adierazgarri, "benetan gizarte honek berdintasunean zaintzen hasten bagara". Logoak irudikaturiko etxearen baitan zaintza hitza hainbatetan errepikatuta ageri da, udaberrian gai honen bueltan abiatu asmo duten parte hartze prozesuaren adierazgarri. Irudi koloretsua da, ikuspegi antiarrazista txertatua baitu. Bizikidetza eta jatorri aniztasunaren alorrean iragarritako egitasmoak ere islatu nahi izan dituzte eta bertan.
Irudi hau baliatuko du udal gobernu taldeak bistan denez, urte osoan garatuko dituen hainbat lan ildo identifikatzeko.