"Berdintasunean zaindu"

Usurbil berdinzale eta bizigarriagoa eraikitzeko proiektu sorta aurkeztu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 14:48

Usurbil berdinzaleago eta bizigarriago bat eraikitzea helburu izango duen proiektu sorta aurkeztu du udal gobernu taldeak, ostiral honetan Potxoenean egin duen agerraldian, "Berdintasunean zaindu" aldarripean.

"Egunero saiatzen gara parekidetasunaren alorreko egitasmoak martxan jartzen edo parekidetasunaren zeharlerroa duten udal politikak garatzen; gure herriari betaurreko morez begiratzen, gure herria betaurreko morez eraikitzen".

Eta abiatu berri dugun 2021. urte berezi hau ere ez da salbuespena izango. Martxoaren 8a hurbiltzen doan honetan, urte honetarako egitasmo sorta aurkeztu du udal gobernu taldeak ostiral goiz honetan Potxoenean. Elkar gurutzatu edo txirikordatzen diren proiektuak, "Usurbil berdinzale eta bizigarriagoa" eraikitzeko, alkate Agurtzane Solaberrietak eta Itziar Basterrika zinegotziak azaldu dutenez. 

Emakumeen Etxea
Kalezarren erdigunean kokatu eta jada kanpotik birgaitua duten Pelaioenea, bi egitasmoren egoitza izango da etorkizunean. Bertan kokatuko dira kalezartarren auzo ekipamendua eta emakumeek "elkar ezagutu, topatu, zaindu, hausnartu" ahalko duten Emakumeen Etxea. Bi egitasmo hauei lotuta, udazkenean abiarazi zituzten parte hartze prozesuak azken txanpan direla berri eman du udal gobernu taldeak. "Biak ala biak oso prozesu emankorrak, parte hartzaileak eta ederrak izan dira", Itziar Basterrika zinegotziaren esanetan. Emakumeen Etxearen kasuan, erantzun beharreko beharrak, etxearen ezaugarriak, funtzioak edota erabilera izan dituzte hizpide. Gaioz hausnartu dute herriko emakumeek.

Martxoak 8
Emakumeen Etxeari lotutako parte hartze prozesuko emaitzak martxoaren 6an aurkeztuko dituzte, Martxoaren 8aren bezperetan. Baina ekimen gehiago ere iragarri ditu udal gobernu taldeak Emakumeen Egunaren bueltan; otsailean bideratuko duten "amatasun bizigarriak" tailerra, Ainara Gorostitzurekin. "Amak elkarri entzunez, tailer hau egin nahi dugu", alkatearen esanetan. Patriarkatuak hauspoturiko amatasun hegemonikoaren aurrean, "amatasun praktika bizigarriagoak" sustatu nahi dituzte hartara, parte hartzaileen bizipen eta praktiketatik abiatuta.

Simone de Beauvoirren "Bigarren sexua" sortze lana euskaratu duen Irene Arraratsen hitzaldia ere programatu du udal gobernu taldeak. "Askorentzat pentsamendu feministan oinarrizko obra bat da. Argitaratu zenetik 70 urte pasa diren arren, gaurkotasunik galdu ez duen obra bat dela uste dugu eta gaurko perspektibatik horretan sakontzeko aukera izango dugu hitzaldian".

"Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen"
Legealdi osoan zehar faseka garatu asmo duten egitasmo honen baitan, Aztikerren eskutik ikerketa kualitatiboa landu dute. "Jatorri desberdinetako herritarrak elkarrizketatu dira, jatorri aniztasunari lotutako esperientziak, diskurtsoak, iritziak jasotzeko", Basterrikak berri eman duenez. Usurbilen izandako 60-70 hamarkadetako migrazio olatuaren eta 2000. urtetik aurrera izandako bigarrenaren arteko antzekotasun eta desberdintasunak ere aztertu dituzte.

Horrekin batera, martxoa amaierarako iragarri duten Mundualdiaren edizio berezian aurkeztu asmo duten dokumentala lantzen ari dira Maialen Unanue eta Ibai Arrieta herritarrak. Migranteen lekukotzek osatuko dute ikus-entzunezkoa. "Elkar ezagutzan sakondu eta prozesu migratorio horiei izen abizenak jarri" nahi dizkiote, herrikideak baitira guztiak. Aniztasuna kudeatzeko Udalaren plan integralean islatuko da lanketa guztia.

Jatorri, kultura, bizimodu eta ohitura anitzak egoki kudeatzea ezinbestekotzat jotzen du udal gobernu taldeak "gure herri eta auzoetako aniztasuna kohesio sozialerako elementuan bilaka dadin", aniztasuna mehatxua ez, aberastasuna dela argi utzita.

"Nola zaindu" parte hartze prozesua
Nola zainduak izan nahi dugun, norbanako nahiz komunitate eta erakunde gisa zaintzarako hartuko ditugun konpromisoak hizpide izango ditu udaberrian abiarazi eta zaintza sistema erdigunean kokatuko duen parte hartze prozesuak. Zaintza lana udal gobernu taldearen esanetan, ez baita "indibiduala, kolektiboa baizik eta ondorioz politikoa da". Gaineratu dutenez, "herri zaintzailea izateko zainketen ikuspegi komunitarioa lantzea" izango du xede prozesu honek, Basterrikaren esanetan. Udal gobernu taldetik gogorarazten dutenez hain zuzen, pandemiak nabarmenago utzi du agerian, "adinekoei ematen zaien arreta eta zaintza eredua aldatzeko beharra". Zaintza eredu berri bat txertatzeko proposamena landuko da prozesu horretatik.

Egitasmo honen abiapuntu gisa, eskualdeko berdintasun teknikarien eskariz, Emagin elkarteak zaintza erregimenari buruzko diagnosia landua du; zaintzaileen egoera, zainketa lanetarako eskualdean dauden baliabideak... aztertu dituzte. "Ondorioa argia izan da; herritarren zaintzarako beharren eta baliabideen artean desoreka handia dagoela, eta gaur egun zaintza migrazioarekin oso lotua dagoela. Horren kaltea emakumeek ordaintzen dute", alkateak adierazi duenez, 2000. urteko bigarren migrazio uholdean gure artera heldutako emakumeek hain zuzen, nagusiki haiek baitira zaintza lanez arduratzen ari direnak. Beraz, "zaintzen antolaketak ez ditu herritar guztien eskubideak errespetatzen eta horri aterabide bat eman ahal izatea beharrezkoa da". 

Aldi berean ez ahaztu, Kalezarren garai bateko monjen konbentuaren lur eremuan eraikitzen ari direla adinekoen auzunea, Matiaren eta Udalaren proiektua. Eredu aldaketa hau islatuko du egitasmoak. "Finean adinekoak etxean bezala senti daitezen zaintza eredu bat" izango da, alkatearen esanetan.