Azken ostirala

Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen lekukoa hartu du Sarek

Noaua Aldizkaria 2021ko urt. 29a, 20:52

Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzea egin dute hilero moduan, urtarrileko azken ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan. Oraingoa ordea Sarek deitu du lehen aldiz. Bere ibilbidea amaitutzat eman duen Usurbilen Nahi Ditugu bilgunearen lekukoa hartu dute.

Iragarria zegoen lekuko aldaketa gauzatu da; 47 urteren ostean lehen aldiz Usurbil errepresaliatu politikorik gabeko udalerrian bilakatu denean, bere ibilbidea amaitutzat eman du Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Sarek hartu du lekukoa eta azken urteotan herrian lanean zebilen bilgune honek deitu du ostiral honetako euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea, eta hala egingo du baita aurrerantzean, hilero azken ostiraletan. "Azken ostiraletako ekimen honen antolaketaren lekukoa Usurbilgo Sarek hartzen dugu, Euskal Herriko 218 presoen eta dozenaka iheslarien eskubideen aldarrikapenean jarraitu ahal izateko. Beraien eskubideen etengabeko urraketa salatzeko, hilabetero zuekin batera Euskal Herriko beste hainbat plazetatik bezala Usurbilgo plaza honetatik ere", adierazi du Usurbilgo Sarek elkarretaratze amaieran bertaratu diren herritarrekin partekatu duten adierazpenarekin.

Lekukoa hartuta, Usurbil errepresaliatu politikorik gabeko udalerrian bilakatu duen familia izan du gogoan Sarek. "Zorionak Olatz, Patxi, Xua eta Maddi! Lortu duzue pultsera demoniyua, elkarrekin Usurbilen etxean egunero eta gauero ere. Bihotz bihotzez eta denon izenean, zorionak!", adierazi diete txalo artean Mikel Laboa plazan bildutakoek. 

Patxi Uranga ere etxean
Gogoan izan, azaroa hasieran Aranjuezko espetxetik asteburu baterako irteteko baimena eskuratu zuten Olatz Lasagabasterrek eta Patxi Urangak. Hasiera batean Martuteneko espetxera lekuz aldatu zituzten gero. Baina hasieratik Olatzek ez zuen espetxera itzuli behar izan, pultsera telematikoa ezarri zioten. Patxik bai, astelehenetik ostegunera Donostiako espetxean lo egin behar izan du orain arte. Aste honetan bertan Usurbilen Nahi ditugu bilgunetik aditzera eman duten moduan ordea, Urangari ere pultsera telematikoa jarri diote eta jada etxean lo egin dezake. Aldiz, "baldintzapeko askatasun-eskaerari buruz oraindik ez daukate berririk".

"Eskubide guztiak pertsona guztientzat"
Usurbilen errepresaliatu politikorik ez da jada, baina bai Euskal Herrian, 218 preso eta dozenaka iheslari. "Hilabetero azken ostiralean larriki gaixo dauden presoen askatasuna, 65 urtetik gorakoena, motxiladun umeekiko elkartasuna, urruntzearen bukaera... Hau da, eskubide guztiak pertsona guztientzat aldarrikatzera gonbidatuko zaituztegu!", iragarri du Sarek.

Urte hasiera honetan bezala, urtarrilaren 9an Euskal Herriko plazetan mobilizatzeko deia egin zuen Sarek, baita Usurbilen ere. "Berriro ere mobilizazio ikaragarria burutu du euskal jendarteak, preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko bidea erraztuz". Horrez gain, "eragile politiko eta sindikalengan ere konfiantza erakutsi besterik ezin dugu egin. Hilabete honetan, Iruñeko Parlamentuan gehiengo politikoak egindako adierazpenak presoen hurbilketa eskatzen du, eta nafar sindikatu guztiek bat egin dute adierazpen horrekin. Bilboko Udalak aldiz, Irati txikia eta bere guraso presoak Euskal Herrira itzul daitezen eskatu du". 

Sarek gogorarazi duenez, "euskal gizartea da euskal presoei eta haien senideei aplikatutako salbuespen-neurrien amaiera eragiten ari dena. Hala ere, oraindik bide luzea dago egiteko, eta zoritxarrez, hainbat sektore eta estamentuek ez dute onartu nahi beste garai batean gaudela, eta salbuespenezko espetxe-politikaren amaierak, urruntzea erabat desaktibatzeaz eta euskal presoen kasuan salbuespenezko beste neurri batzuez gain, presoen bizi-baldintza duinak izateko eboluzionatu behar du".

Egoera hau ezin egokiago islatzen du Antton Troitiño presoak. "Ulergarria dena baino askoz gehiago atzeratu dute beste askatasuna, ez bakarrik hori, legeari berari uko egin diote; etxean behar lukeelako bere gaitza duintasunez eta behar bezala tratatzeko. Ezinezkoa da bere gaitzaren sendatzea kartzelaren testuinguruan eta horregatik, presoak berak tratamenduari uko egin behar izan dio duintasunaren izenean! Ezin dugu ahaztu kondena luzeek, espetxean dagoen asistentzia gabeziarekin batera, osasuna azkar hondatzea eragiten dutela, covid19ak eragindako larrialdia eta arrisku erantsia gehituta".