"Aldaketaldia"

Usurbilgo kutsadura-fokuak aztergai

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 1a, 11:08

Usurbilgo kutsadura-fokuak hizpide izan zituen Anerreka Ingurumen Elkarteak iragan astean Potxoenean, Larreko Mahaiak ingurumen larrialdia salatzeko deitutako "Aldaketaldia" zikloaren testuinguruan egin zuten Felix Olaetxearen hitzaldian. Foku hauekiko kontrol falta nabaria dagoela ohartarazi zuten.

Kutsadura-foku bat baino gehiago ditu udalerri honek eta "kontrola ez dago, deskontrola" baizik hitzaldian zehar aipatu zutenez.

Etxebizitzak
Negu giro betean gauden honetan, nola berotzen dugu bizilekua? Eztabaidarako gai gisa planteatu zuten, biomasa bidezko berokuntza energia berriztagarria jasangarria ote den. Errekuntzak eragindako kea filtrorik gabe tximiniatik aireratzen dela ohartarazi zuten. "Biomasa instalakuntza askorekin, handitzen da kutsadura".

Etxean sortzen ditugun hondakin urak ere ahotan hartu zituzten. Egiten duten bideaz ohartarazi zuen Anerrekaren solasaldian. Dakizuenez, Loiolako araztegira garraiatzen dira Usurbilgo ur zikinok kolektore bidez, bertan itsasoratu aurretik tratatuak izan daitezen. Jardun honen kostua "kostu energetiko handia" nabarmendu zuten, ur zikinek egin behar duten bideagatik, edota araztegiak egin behar izaten duen hondakinen bereizketa lanagatik, bota beharko ez litzatekeen baina oraindik orain komuneko zulotik isurtzen den organikoagatik esaterako.

Inguruotako ur zikinen zati batek kolektore sare horretatik kanpo segitzen du eta erriora isurtzen dira. Aginaga ingurukoak hain zuzen. Bada egitasmo bat aurreikusia Anerrekak gogorarazi zuenez, "kolektorera batzeko proiektua". Hitzaldian aipatzen zenez ordea egon liteke alternatibarik; ohiko proiektu zentralizatu eta handien ordez, tokian tokikoko azpiegitura txikiagoen aldeko apustua egitea; "ur zikinak bertan tratatzea".

N-634 errepidea
Udalerriko lurretatik igarotzen da A8 autopista, baina benetan herritarren bizimoduan eragin nabarmenena duen N634 errepidea ere kutsadura-fokuen artean kokatu zuten Anerrekaren hitzaldian, "inpaktu ekologikoaz gain, inpaktu sozial handia" baitu. Batetik hor daude, 2018ko martxoan jendaurrean aurkeztu zen "Puntu beltzik ez!" herri plataformak errepidean seinalaturiko puntu arriskutsuak; Troian edota Aginagan kasu.

Kontuan izatekoa da ere, egunero errepidetik eta ondorioz, udalerri erditik igarotzen den ibilgailu kopurua. Eusko Jaurlaritzaren 2017-28 urte arteko EAEko errepideen plan orokorraren arabera, 15.000 dira, "horrek suposatuko lukeen emisio eta zaratarekin". Behar baino zaratatsuagoa da errepidea Anerrekak antolaturiko hitzaldian ohartarazi zutenez. "Ehunka pertsonek legez araututakoa baino zarata gehiago jasotzen dute", eragina nabarmenagoa da gauetan. "Zenbait etxe eta jenderengan egunero gainditzen dira balore legalak".

Eta horren aurrean zer egin? Argi denez, ahal den neurrien "ibilgailuen erabilera eta abiadura murriztea". Erabiltzaile gehienak herrikoak edota udalerri honetara lanera datozenak direla jakinda, errepide honekiko dagoen beharraren azterketa bat egitea komenigarria izan zitekeela iradoki zuten.

Industria
Igepak
Aerosolak fabrikatu eta ontziratzen ditu. Seveso ziurtagiria du. Horren esanahia argitu zuten Anerrekaren hitzaldian. Araudi europar honek 1976an Italiako Milan iparraldeko Seveso udalerriko planta kimiko txiki batean izandako sute bati egiten dio erreferentzia eta horrek eragindako kalteari. Seveso izena jarri zioten europar araudi bat landu zuten, arriskutsutzat jo zitekeen elementuekin lan egiten zuten industrientzat. Igepakek egiaztagiri hau du. Horrez gain, "osagai organiko hegakorrak" erretzen dituztela azaldu zuten.  

Luzuriaga
Donostialdetik N-634 errepidean Usurbila gatozela edota alderantzizko bidea egiterakoan, ibilgailuko leihoa itxi beharrean aurkitu izan gara sarritan, Luzuriaga lantegiaren parean izaten den kiratsagatik. Kutsadura-fokuen artean kokatu zuen baita Anerrekak aipatu enpresa, airera isurtzen dituen kutsagaiengatik. Altzairuzko eta burdinezko piezak galdatzen dituzte. "Kutsatzen dutela badakigu, zenbat ez".

Ucin
Urteotan hainbat herritarrek salatu dute lantegi honek isurtzen duen kea. Larunbat honetan bertan azken aldiz. Zenbaitetan, ke zutabea herri osora hedatu izan da. "Teilatutik kontrolik gabe ateratzen da kea". Dioxina emisioari dagokionez, mugarik ez hizlariaren esanetan. Baimena ez du betetzen, "eta ez da ezer gertatzen". Ucin-ek ez du behar besteko kontrolik, hitzaldian azaldu dutenez, enpresari kontrola erakunde neutral batek egiten dio, baina enpresak berak deitzen dio "noiz joan neurketak egitera". Salatu dutenez, "gaindiketak egon dira eta ez du eraginik izan. Inpunitatea handia da". 

Enpresak bere jarduera garatzeko behar duen baimena baldintza berrietara egokitzeko eskaerei kasurik egin ez eta iazko ekainean gogorarazi zutenez, "prozedura guztiak gaindituz, alegazio epea oraindik zabalik zela, "baimena eman" zitzaion Ucini, baldintza berrietara "moldatu gabe".

Europako Batzordeko elikagaien agentziak zehazten du zenbateko emisioa jasan dezakeen haur batek. "Haur batek jaso dezakeena astero" aise gainditzen du Ucinek aireraturikoak, Anerrekaren hitzaldian aipatu zutenez. Lehendik ere adierazi izan duten moduan, arazoa airera isurtzen denetatik haratago baitoa, gai toxikoak ez dira soilik arnastuz gorputzean barneratzen. Lurrera, uretara erortzen diren partikulak lurrazalean "pilatzen doaz". Elikagaien bidez, "jaten dugunarekin sartzen dira" gure gorputzetan. Lantegi honekin jazotzen ari dena Usurbilgo Udalean eta Eusko Jaurlaritzan salatua duela berri eman zuen Anerrekak. 

Erraustegia
Udalerri mailan egin den emisioei buruzko ikerlan bakarra, duela urtebete pasatxo, 2019ko irailean abiarazi zuen Zubieta Lantzenek. Holandako ToxicoWatch Fundazioko ikerlarien laguntzaz, erraustegiaren bueltan dauden herrietako oilategiak, arrautzak, landaredian laginak hartzen aritu ziren, Zubieta gaineko azpiegitura ingurunean izaten ari den eragina behatzeko.

Dakizuenez, lehen lagin bilketa hura erraustegia guztiz martxan jarri aurretik bideratu nahi zuten, eta gero urtero errepikatu lagin bilketa, behin erraustegia martxan jarrita, zer nolako aldea dagoen ikusteko. Lehen azterlanaren emaitzak laster aurkezteko asmoa dutela berri eman zuten hitzaldian.

Kutsadura-foku anitzek beren eragina dutela, horren adibide argia da ikerlan hau. Aztertu zituzten oilategietako arrautzetako "analitikek balore altuak" erregistratu dituzte. "Kutsadura iturri ezberdinak izan ditzake".

Neurgailuak
Gainerakoan erraustegiari lotutako behar besteko kontrolik ez dagoela ondoriozta daiteke hitzaldian aipatu zutenaren arabera. Udarregi Ikastola ondoan bada erraustegiaren harira aire kalitatea neurtzeko kabina bat, "parametro batzuk neurtzeko oso erabilgarria". Baina handik gertu 2018an Ucinen izandako sutea "ez zuen nabarmendu".

Udarregi Ikastolako teilatuan Biodonostiak jarria dagoen neurgailuak bestalde, Munduko Osasun Erakundeak ezarritako emisioak ezarritako mugaz gaindikoak izan direla gaineratu zuten.