ADIERAZPEN OROKORRA
Gaurkoan, zein joan diren egunetan ere, Euskal Herriko hamarnaka herrietan mobilizatu gara “Ondo bizi eta bizitzen uzteko, Aldaketaldia”-ren lelopean. Ehunka izan gara urtarrilaren 30 honetan, han eta hemen, larrialdi ekologikoaren aurrean beste mugarri bat jarri dugunak. “Aldaketaldia” egun bat baino gehiago da: larrialdi ekologikoaren aurrean, herri honek duen aldaketarako borondateari heldu eta aktibazio FASE BERRI BATen aurrean kokatzeko ekimena da.
KLIMA ALDAKETAREN KONTRAKO TXERTORIK EZ DAGO, klima aldaketa ez baita birusa. Bestelako birus baten ondorio baizik. Sistema oso baten izatea bermatzeko beharrezkoak diren arpilatze, desjabetze, ustiaketa, ekoizpen eta kontsumo logika bidegabe eta bideraezin bat dago larrialdi ororen atzean. Beraz, sistema ekonomikoaren hazkunde mugagabea eta trantsizioa uztartzeko proposamenetatik ez da etorriko erantzun eraginkorrik. Kapitalismo berdea ez da aukera, kapitalismo jasangarririk ez baita existitzen.
Larrialdi ekologikoaren aurreko erantzunean guztiok dugu ardura: partekatutako erantzukizuna da, baina desberdindua. Karbono neutraltasuna lortzeko Euskal Herriko gobernuek sustatutako politikak ez doaz bide onetik. Nazioartean, herrialdeen artean dagoen zor ekologikoa ez aitortu eta ekonomiaren internazionalizazio basatia eta hiper-dependientea sustatzen jarraitzen dute. Besteak beste, AHT eta Donostiako metroak markatzen duen aurrerabidea, Iberdrola eta Petronorrek gidatutako trantsizio energetikoa, eta Erraustegian eta VerterRecycling-en oinarritutako ekonomia zirkularraren engainuetan oinarritzen dira. Gaur 8, urtebete beteko da Zaldibarreko zabortegia erori zenetik, katastrofe naturalik ez: bi langile erail eta kutsadura izugarria eragin duen interes ekonomikoen menpeko euskal politika suntsitzailea agerian geratu zen. KRISI GLOBALA ZUEKIN HASTEN DA.
IRTENBIDEA, BIZITZA ERDIGUNEAN JARRIKO DUEN EREDU BATERANTZ TRANTSIZIOA EGITEAN datza, eta hori, ezinbestean, sakoneko aldaketak proposatzetik etorriko da. Planetaren mugak are gehiago ez gainditzeko, energia eta material gutxiago kontsumitu behar da (edo gizarteok erritmo hau jarraituz gero, gure planeta beste bi beharko genituzke urtero). Oligopolio eta negozioaren praktika menderatzaileen aurrean, eta inor atzean geratu ez dadin, beharrezkoa da printzipio demokratiko eta ekologikoetan oinarritutako ikuspegia txertatzea: aurreztu eta murriztu, berrerabili eta ongi erabili, zirkuito laburrean, gertukoan, deszentralizatua, eta sostengarria, lurraldetua eta burujabea.
HERRI EKOLOGISTA GARA, AURRERA BA! Proiektu ekonomiko eta politikoei aurre egiteko, salaketa ekintzak, kontsumo murrizketa eta bestelako ekoizpen eredu sostengarrien alternatiba konkretuekin uztartu behar ditugu. Ekintza eta aldarrikapen plan iraunkor bat behar dugu. Kontzientziazioaren hurrengo urratsera igaro behar dugu, herri aktibazioa sustatuz, optimismo gehiegirik gabe eta fatalismoetan erori gabe jardungo duen konpromiso herritarra eta ekintza kolektiboa ereiteko. Donostian, Gipuzkoa mailan, eta Euskal Herrian herritar zein eragileak saretu eta elkarrekin behetik eraikiko dugun agenda ekologista baten beharra dugu. Herritarron parte hartzea eta hitza eta boterea berreskuratzea beharrezkoak dira, larrialdi ekologikoaren kudeaketa, politika publikoak eta erabakiak gehiengoon aldekoa izan dadin.
Kontziente izan behar gara, ez dagoela denbora gehiago galtzerik.
Kontziente izan, asko dugula borrokatzeko, baina etorkizun oso bat irabazteko.
Kontziente izan gaitezen, datozen urteak erabakigarriak izango direla
Eta kontziente, gure belaunaldiek lekuko hau hartzen ez badugu, jai dugula
Gogora ekar dezagun, herri honetan badela ibilbide oso bat: Gladys-Enetik hasi eta Gipuzkoa Zutik plazaraino iristen dena.
Bada, gaurkotasun oparo bat: hamaika herri esperientzia burujabe ekologiko eta sozial biltzen dituena
Bagaude, herritarron gehiengo bat prest urratsa eman eta etorkizuna borrokatuko dugunak
Badagoelako ondo bizi eta bizitzen uzten duen etorkizun posible bat,
Ingurumen, natura, planeta eta geure arteko elkartasunean oinarrituko dena.
Aldaketaldia hasi besterik ez da egin, segi dezagun guztion artean ingurumena eta berarekin harremana izateko bestelako eredu bat defendatzen.
Zentzu horretan beste behin ere, gogoratu datorren larunbatean Zaldibar Argituzek manifestazioa deitu duela, eta bertan parte hartzera animatzen zaituztegu.
ZALDIBAR ARGITU! PLATAFORMAREN ADIERAZPENA
Eskerrik asko aldaketaldia ekimenean parte hartu duzuen guztioi. Guretzat gauza handia da Euskal Herritik jaso dugun babesa, eta bereziki pozten gaitu Gipuzkoan eta Bizkaian gaur antolatu den egunak, asko garenaren seinale.
Zaldibarko zabortegiaren amiltzearen urteurrenaren atarian gaude. Bai, urte bat igaro da ia, milaka eta milaka zabor tona gainera erori zitzaizkigunetik. Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze irentsi zituenetik. Otsailak 6 hartatik, urte gogorra bizi izan dugu; intentsitatez, beldurrez, amorruz eta suminduraz betetako urtea izan da. Baina elkartasunez, borrokaz eta indarrez koloreztatu dugu.
Zaila da iazko otsailak 6a hitz bitan deskribatzea. Desastre izugarria. Desastre sozial eta humanoa, bi langile, etxera itzuli ez zirelako. Desastre ekologikoa, amiantoz nahasturiko zaborrezko mendi bat erori zelako; gure lur, ur eta airea kutsatuz. Eta desastre politikoa: kontrol falta, isiltasun konplizeak, laguntxoen arteko negozioak, aurpegi zuritzeak, patrika pribatuak elikatzeko joera, errespetu faltak, iluntasuna. Otsailak 6an, zabortegiarekin batera, gure politikarien gotorlekuak ere erori ziren; biluzik geratu ziren. Zaldibar, izeberg-aren punta da: azalean geratu den zatia. Begi bistakoa izan dena. Ur azpian dagoena ur-azalera ekarri behar dugu. Hainbeste lohi estali dituzten alfonbrak astintzeko garaia da.
Horregatik aurkeztu gara Durangoko epaitegian irekita dagoen epaiketara. Herritarren ahotsa izan eta interes orokorra babesteko. Epaiketen gastuei aurre egin ahal izateko diru-bilketa kanpaina bat jarri dugu martxan, itsulapikoa.eus atarian. Gaiarekin kezkatutako eragile eta norbanako ezberdinei dei egiten diegu ekimena laguntzera.
Azkenik, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze ezin aipatu barik utzi. Besarkadarik goxo eta sentituena Joaquin eta Albertoren senide eta gertukoei.
Langileak, osasuna, erantzukizunak.
Zaldibar Argitu!