Energiaren alorrean herritarrei aholkularitza zerbitzua eskainiko dien bulegoa zabalduko du Usurbilgo Udalak astelehen honetan, otsailaren 1ean. Udalak ateratako ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan, Artzabalen izango du egoitza, eta astetartean goiz partean izango da zabalik 4 orduz.
"Udalaren energia kontsumoaz arduratzeaz gain, herritarrentzako aholkularitza ere emango du: fakturazioari buruzko informazioa emango du, batik bat, herritarrek euren fakturetan aurreztu ahal izan dezaten. Horrez gain, zer nolako kontratua duten ulertzen lagunduko die, aurrera begira autonomoak izan daitezen", Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.
Energia bulegoa
Irekiera: otsailaren 1etik aurrera.
Tokia: Artzabalgo lokalean.
Ordutegia: 9:00-13:00 (astelehenetik ostiralera).
Bertaratzeko aurrez hitzordua eskatu, bideotatik:
943 57 94 17
energia@usurbil.eus
Energiaren inguruko pedagogia
Bulego hau zabaltzeko lanketa argi denez, lehenagotik hasia zuen Udalak. Azaroan bertan lan egingo duen teknikaria hautatzeko prozesua abiarazi zuen.
Lan deialdi hartan Udalak nabarmentzen zuenez, bulego berriak “energiaren inguruan hezkuntza lana egingo du, energiaren aurrezpen eta eraginkortasunaren garrantzia azpimarratuz, baita energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza eskainiz eta probrezia energetiko egoeran daitezkeenei lagunduz ere”.
Horrekin batera, “udalaren energia kudeaketa hobetzea” izango du beste lan ildoetako bat, beti ere “udaleko hirigintza eta zerbitzuetako sailekin harremanetan”. Eremu honetako hainbat lanketa ere bideratuko ditu bulego honetako udal teknikari berriak: “udal-argiteriaren inbertsio plana diseinatu, udal-energia inbentarioa osatu eta jarraipen prozedura zehaztu, udal-eraikinen auditoretza energetikoak gauzatu eta inbertsio plana proposatu, energia berriztagarrien jarraipena egin eta sorkuntza aukeren bideragarritasuna egin”.