EROskopoa

Puntapaxeko sorginaren EROskopoa

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 2a, 07:31

Hemen duzue otsaileko EROskopoa. Barretartiak ipini ditu orakuluaren hitzak paperean eta Ainara Azpiazu Aduriz Axpi marrazkilariak osatu ditu horoskopoko irudiak.

ARIES

Azken aldian ez zara kalera ateratzen, ez duzu ia inorekin hitz egiten eta sofa zure gorputzeko beste atal bat bilakatu da. Hileko aholkua: Gauza bat da herritik ezin ateratzea eta beste bat zure bizitza perimetralki ixtea!

 

TAURUS

Estresatuta zaude eta zerbait egin behar duzu hori konpontzeko: yoga, mindfullness edo errebotean jokatzen hasi. Hileko aholkua: Baina mesedez, semaforoa berdean jartzen denean aurrekoari EZ jo tutua lehenengo milisegunduan!

 

GEMINI

Santa Ageda, Ageda... bihar da Santa Ageda,

bihar da Santa Ageda eta gaur konfinamendu gaua...

Hileko gomendioa: Atera makilak balkoira! Bat, bi eta hiru… IEUP!

 

CANCER

Terrazan egoten zara lagunekin, terrazan hartzen dituzu pintxoak, terrazan pozik zaude... Hileko aholkua: Argi dago; terrazak dira zure territorio libre bakarra.

 

LEO

Txotx denboraldi bitxia izango da aurtengoa, kupelez kupel ezingo baikara ibili. Hileko aholkua: Mahaiaren bueltan egon beharko dugunez, noizean behin TXOTX esan, zutitu, pitxarra altxa eta edalontzietara bota sagardoa kupeleko txorrota balitz bezala. Ez da berdina, baina ondo pasako duzue hala ere.

 

VIRGO

Aurten ezingo ditugu inauteriak beste urtetan bezala ospatu, baina horrek ez du esan nahi uko egin behar diogunik mozorrotzeari. Hileko aholkua: Maskarilla, txapela, eguzkitako betaurreko batzuk jarri eta ezetz inork ezagutu!

 

LIBRA

Otsailaren 14a maiteminduen eguna ospatzen da, baina pandemiak ez du nahi zure azukre koxkorrarekin egon zaitezen. Hileko aholkua: Lanean egin dezakezue zita, edo unibertsitateko pasilloetan, edo leporaino beteta datorren trenean. Ez esan ez denik erromantikoa izango!

 

SCORPIUS

Maskarilla eramateaz kokoteraino zaude, baina zein ondo etortzen den hotz asko dagoenean sudurra berotzeko! Hileko aholkua: Erosi ezazu bat artilezkoa eta ikusiko duzu ze goxo ibiliko zaren!

 

SAGITARIUS

Ez dira garai onenak ligatzeko, are gutxiago herritik atera ezin dugunean, baina izarrak zure alde daude. Hileko aholkua: Tinderren bost kilometroko distantzia jarri ;)

 

CAPRICORNIUS

Mendiak momentu ederrak emango dizkizu hilabete honetan eta Bordatxo eta Andatza zure etxeak bihurtuko dira. Hileko aholkua: Horrek ez du esan nahi pijamarekin joan zaitezkeenik bertara!

 

AQUARIUS

Aurten zure urtebetetzean irudimen handia erabili beharko duzu. Hileko aholkua: Denekin batera elkartu ezin duzunez, pentsatu duzu aste horretako egun bakoitzean lau lagun desberdinekin ospatzea? Askoz hobeto!

 

PISCIS

Dietan jartzea pentsatzen zabiltza aspaldidanik, gorputza kili-kolo duzulako. Zergatik ez zara kozinatzen hasten? Hileko aholkua: Baratxuri zopak gaitz guztiak sendatzen dituela esaten dute!