Aurreikusi baino 3 aste beranduago, martxoaren 3an amaituko dituzte N-634 errepideko lanak

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 2a, 11:23

Troia eta Txikierdi arteko mendi magala egonkortzeko N-634 errepideko lanak aurreikusi baino gehiago luzatuko direla berri eman dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari; hiru aste beranduago, martxoaren 3an amaitu asmo dituzte.

Troia eta Txikierdi arteko mendi magala egonkortzeko egiten ari diren lanak espero baino beranduago amaituko dira. Hasiera batean, otsailaren 10ean, astebete barru amaitzekotan ziren. Baina aurreikusi baino gehiago luzatuko dira azkenean. Errepideen zaintza lanen eskumena duen Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari jakinarazi dioenez, beste hiru astez hain zuzen. "Lanak martxoaren 3an bukatuko dituztela ohartarazi dute", berri eman du Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez.

Begi bistako eragina izaten ari dira lanok errepide horretako ibilgailuen joan etorrietan. Abendu hasieraz geroztik errei bat itxita dago. Behin-behinean jarri dituzten semaforoek kudeatzen dute trafikoa. Ilarak mugimendu handieneko uneetan luze askoak izaten dira. 

Eta arrisku egoerak ere bizi izan dira asteotan. Eremu horretan Donostia aldetik etorriz gero Troia aldeko bidera sar daiteke. Baina alderantziz, bide horretatik N-634 errepidera ezin daiteke sartu, Donostia aldera joateko, Usurbil aldera etortzeko soilik. Azken asteotan, zenbait egoera arriskutsu ikusi dira errepide zati horretan, Troiako aldapatik Donostia aldera joateko sartzen direlako hainbat ibilgailu, seinaleek argi hala egitea eragotzi arren. Sarbide hori ez du semaforo batek kudeatzen, eta areagotu egiten du Usurbil aldetik Txikierdira nahiz alderantzizko bidea egiten ari diren autoren batekin istripua izateko arriskua. Gauza bera gertatzen ari da baita, baimendua egon arren, Troiatik Usurbil alderako noranzkoan ere. Aldiz, Troiako oinezkoen pasabideko semaforoa itzalita dago lanak hasi zituztenetik.

Iragan igandean ordu batzuetan, errepidea guztiz itxi zuten, "altuera handian egin beharreko garbiketa lanak tarteko".