"Berdintasunean zaindu" aldarriaren bueltan, hilabeteotan bideratu duten egitasmo sorta aurkeztu zuen iragan ostiralean udal gobernu taldeak Potxoenean. Eta egitasmo hauei lotuta, hainbat hitzordu iragarri ere bai; Mundualdiaren edizio berezia, Martxoaren 8aren bueltako ekimenak, zaintza ereduaren inguruko parte hartze prozesua...
Deialdiotan lehena, "Amatasun bizigarria" tailerra izango da. "Amak elkarri entzunez, tailer hau egin nahi dugu", alkateak iragan ostiraleko aurkezpen hitzorduan zioenez. Patriarkatuak hauspoturiko amatasun hegemonikoaren aurrean, "amatasun praktika bizigarriagoak" sustatu nahi dituzte hartara, parte hartzaileen bizipen eta praktiketatik abiatuta.
Otsailaren 10ean, 17an eta 24ean 17:00-20:00 artean Potxoenean, Ainara Gorostitzu Mujikak bideratuko duena. Tailerrerako izena bideotatik eman ahalko da doan; usurbilkultura.eus atarian edo 943 377 110 telefono zenbakira deituta. “Gaur eta hemen amatasuna exijente eta zail egiten duten hariak ikusi eta teoria feministen eta amatasunaren historiako ekarpenekin, hausnarketa pertsonalekin eta talde dinamikekin amatasunaren praktika eta esperientzia bizigarriagoak bilatzea izango da ikastaroaren egitekoa, beti ere, egite horrek dakarren ahalduntzea eta interpelazio politikoa ere helburu izango ditugularik”.
"BERDINTASUNEAN ZAINTZEN", AGENDA
Otsailak 10, 17, 24 (asteazkenak)
17:00-20:00 "Amatasun bizigarria" tailerra Ainara Gorostitzu Mujikak bideratua.
Izen ematea:
usurbilkultura.eus
943 377 110
parekidetasuna1@usurbil.eus
Martxoak 6, larunbata
Emakumeen Etxearen parte hartze prozesuko emaitzen aurkezpen ekitaldia eta eskertza parte hartzaileei.
Martxoaren 8ko astean
Simone de Beauvoirren "Bigarren sexua" sortze lana euskaratu duen Irene Arraratsen hitzaldia.
Martxoko azken asteburua
Mundualdiaren edizio berezia: aitortza ekitaldi berezia. Aztikerren ikerketaren emaitzen eta Maialen Unanue eta Ibai Arrieta herritarrek Usurbila etorritako migranteen lekukotzekin sortutako dokumentalaren aurkezpena.
Apiriletik aurrera
"Nola zaindu", zaintza eredua berregituratzeko parte hartze prozesua.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.