Zubietako erraustegia

GuraSOSen helegite bat tarteko, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak "euskal autogobernuaren" aurka jo du

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 3a, 13:07

Auzitegiak albiste azken orduotan, GuraSOSek 2016an Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren aurka aurkezturiko helegitearen harira.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaren aurkakotzat eta baliogabetzat jo du 1998. urtean onarturiko Eusko Legebiltzarraren ingurumen arloko araudiko artikuluetako bat. GuraSOSek zehaztu duenez, "Espainiako Auzitegi Konstituzionalak otsailaren 27ko Eusko Legebiltzarraren 3/1998 araudiaren 3.4 artikulua hain zuzen". Artikulu horrek ingurumen arloan zehazten zituen eskubideen artean aipatzen du, "araudi honek aurreikusitakoa betetzea exijitzeko ekintza publikoa, bai administrazioaren bidetik baita auzitegien bidetik ere". Auzitegien bidea da baliogabetu dutena.

GuraSOSek berri eman duenez, elkarte honek 2016an aurkezturiko helegitea onartezintzat joko du Euskadiko Auzitegi Gorenak datozen asteetan. "Ez da gaian sakonki sartuko. Horixe zen hain zuzen Gipuzkoako Foru Aldundiak nahi zuena, baita Euskadiko Auzitegi Gorenak ere. Badakite gaiari sakonki heltzeak ingurumen baimena baliogabetzea eragingo lukeela eta beraz, proiektua geratzea".

Lehen aldia
GuraSOSek salatu duenez, euskal autonomiaren 42 urteko historian, Gernikako Estatututik etorritako erakunde batek, kasu honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak euskal autogobernuaren aurka egiten duen lehen aldia, "beste euskal erakunde batek (Eusko Legebiltzarrak) onarturiko araudia konstituzioaren aurkakotzat jotzea eskatuta".

Foru Aldundiak legitimazio falta egotzi zion GuraSOSi, "alegazioen aurreko tramitazioan". Aldundiaren helegitea baliogabetu zuen Euskadiko Auzitegi Gorenak 2018ko irailaren 25ean. "GuraSOSek helegitea aurkezteko zuzeneko interes agerikoa zuela ulertu zuen". Horri Gipuzkoako Foru Aldundiak erantzun zion eskatuz, "Euskal Legearen aurkako konstituzionaltasun falta planteatu zezala".

2020ko martxoaren 9an, Euskadiko Auzitegi Gorenak Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren esku utzi zuen auzia. "Konfinamendu betean konstituzionaltasun faltaren gaia ez onartzea eskatu zion GuraSOSek". Eskaera horrekin bat egin dute baita Eusko Legebiltzarrak eta Eusko Jaurlaritzak. "Fiskaltza bera ere GuraSOSek defendatutako tesiaren alde kokatu da".

Ekinbide judizialari segida
"Gipuzkoako Foru Aldundiak Euskadiko Auzitegi Gorenak ingurumen baimenaren ilegaltasunaz iritzia ematea saihestu nahi zuen eta horretarako GuraSOSi helegitea aurkezteko eskubidea ukatzea proposatu zuen", azaldu du ohar bidez GuraSOSek.

Baina helburua ez du betetzerik izan guraso elkartearen esanetan, ekinbide judizialari segida ematen jarraitu ahalko baitu. Ingurumen arloko helegiteak aurkezteko eremu honetan bi urteko ibilbidea egina izatea exijitzen du estatu mailako araudiak. 2016an ez baina gaur egun baldintza hau betetzen duela gogorarazten du GuraSOSek. "Euskal legedia aurrerakoiagoa zen ingurumen demokraziari dagokionean eta edonori helegitea aurkeztea baimentzen zion inongo baldintzarik bete beharrik izan gabe".

Auzitegi Gorenera
Honen guztiaren "helburua denbora irabaztea zen", GuraSOSen esanetan. Eta helburua lortu dutela dio GuraSOSek, "ingurumen demokrazia eta autogobernua erasotzearen bizkar izanda ere". GuraSOS Espainiako Auzitegi Gorenean aurkeztuko duen kasazio helegitea prestatzen ari dela berri eman du. "Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du legaltasun gaietako balorazioetan sartu nahi izan, Estatuko Fiskaltzak eskatzen zion moduan. Zeregin hau Auzitegi Gorenari dagokio". Hortxe kokatzen du GuraSOSek bere borrokaren hurrengo urratsa, eta ezinezkoa balitz, Nazio Batuen Erakundera jotzeko asmoa du; Ginebran egoitza duen "Aarhuseko hitzarmenaren Jarraipen Batzordera". Argi adierazi du GuraSOSek; "ingurumen demokrazia ezarri arte ez dugu etsiko".