Neguko euskarazko zine zikloa

"Asto Erregea", gaztetxoentzako euskarazko filma igandean

Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartearekin gaztetxoentzat antolaturiko euskarazko zine zikloaren hurrengo proiekzioa, igande honetarako, otsailaren 7rako iragarri dute Sutegin 17:00etan; "Asto erregea". Sarrerak aurrez eskura ditzakezue usurbilkultura.eus atarian.

Azarotik martxora luzatu ohi den haurrentzako negu parteko euskarazko zine zikloaren hurrengo proiekzioa iganderako antolatu dute, otsailaren 7rako, Usurbilgo Udalak eta Ziortza Gazte Elkarteak, 17:00etan Sutegin. Gogoan izan, hilero lehen igandeetan izaten dira proiekzioak. Zikloak arrakasta itzela izaten du urtero. Oraingoak ordea berezitasunik badu; bizi dugun osasun krisialdia tarteko, ezohiko prebentzio neurriak hartuta eskaintzen dira emanaldiok. 

Musukoekin eta eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbituta sartu behar izaten da Sutegiko auditoriora. "Ixa" duten butaketan ezin da eseri. Hartara, ikus-entzuleen arteko segurtasun distantzia bermatzen da. Eserlekuetatik ezin da mugitu.

Eta proiekziorako sarrerak ere aurrez erosi behar izaten dira; orain, preziodun txartelak ere usurbilkultura.eus plataformatik eskura daitezke. Igande honetako emanaldikoak 3 eurotan.

"Asto Erregea"
Eguna: otsailak 7, igandea.
Ordua: 17:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Sinopsia: “Lehoi erregea, oihaneko burua, erretiroa hartzekotan da. Bere ondorengoak sinesgarritasuna irabaz dezan, Miss Fina aholkulariarekin batera hauteskundeak deitzea erabaki du. Mangu asto apala, zoriontsua da bere garbitzaile bizimoduarekin, baina ustekabean herritarren hautagai bihurtuko da, eta Hantusteusi, lehoi erregearen legezko oinordekoari, aurre egin beharko dio. Baina Manguk ez daki bere hautagaitza Miss Finaren plan maltzurraren parte dela: lehoi erregea tronutik kentze eta haren semea ondorengotzatik kanpo uztea. Hartara, tronua kontrolatzeko aukera izango du, bere agindupean dagoen hautagai baten bidez”. Animaziozko hauteskunde kanpaina giro betean murgilaraziko gaituen “Asto erregea” filmaren sinopsia duzue. 
Edukiera: 76 lagun.
Sarrera: 3 eurotan aurrez usurbilkultura.eus atarian eskuragarri.
Antolatzaileak: Ziortza Gazte Elkartea eta Usurbilgo Udala.