"Ankerkeriari stop!"

Aitor Zelaia eta Galder Barbado aske uztea eskatzeko elkarretaratzea larunbatean

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 5a, 11:18

Bi gazte arabarraren epaiketaren harira, Ernaik Hernanin deitu zuen eskualde mailako elkarretaratzea. Argazkia: Ernai.

Espainiako Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra ezarri dieten Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte arabarrak aske uztea eskatzeko mobilizazio eguna izango da larunbatean Euskal Herrian. Baita Usurbilen ere, bi gazteon kasuak ezagun egin duen "Ankerkeriari stop! Aitor eta Galder aske" lemapean elkarretaratzea deitu dute otsailaren 6an, eguerdiko 13:00ean Mikel Laboa plazan.

"Usurbilgo gazteok ez dugu absoluzioa ez den beste epairik onartzen! Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurrean tinko jarraituko dugu! Hau salatu eta Galderri eta Aitorri elkartasuna adierazteko elkarretaratzea burutuko dugu larunbat honetan", iragarri du Usurbilgo Ernai gazte antolakundeak. "Euskal gazteria lehen lerrora!", deitu dute. 

Lau urteko espetxe zigorra ezarri dieten bi gazte arabarrei elkartasuna adierazi diete. "78ko Erregimenaren INjustizien eta ANkerkerien aurrean, ez zaude bakarrik. Zuekin gaude!".

Launa urteko espetxe zigorra
2019ko otsailean Ertzaintzak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak atxilotu zituen Auzitegi Nazionalaren aginduz; 2018an aurkitutako bidoi batekin lotu zituzten gazteok. Bidoi honek ustez etxean egindako lehergailuak ekoizteko. Espetxean sartu zituzten eta espetxean igaro zituzten lau hilabete baino gehiago. 

Hiru urte beranduago, Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu zituen urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzina urteko espetxe zigorra eskatu zuen bientzat eta zaintzapean aske izatea beste zazpi urtez. "Armak, munizioak eta lehergailuak edukitzea, eta horiek helburu terroristarekin gordetzea eta trafikatzea" egotzi zieten.

Asteartean kaleratu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak bere epaia; launa urteko espetxe zigorra ezarri diete bi gazte hauei. Lehergailuak egiteko materiala edukitzea egotzi diete, "helburu terroristarekin" aritu izana baztertu dute, hasieran horregatik eskatzen zuten haien aurkako zortzi urteko espetxealdia.

Epaiak haserrea eragin du eta gazteekiko elkartasuna indartu da. Bi gazte hauek libre uztea eskatzeko "Ankerkeriari stop! Aitor eta Galder aske" herri plataforma osatu dute hilabeteotan. Epaiketa honek konponbidearen bidea oztopatzen duela salatu dute. Kafkiartzat definitu duten prozesu honen helburua, salbuespenezko kartzela zigor luzeak ezartzea dela ohartarazi dute.

Aitor eta Galder aske uztea eskatzeko manifestua sinatzeko aukera duzue esteka honetan: ankerkeriastop.eus