4 ordukoa, bi aste ezberdinetan bideratuko dena. Presentzialak izango dira saioak, esan beharrik ez, osasun krisialdiak derrigortzen duen moduan, beharrezko prebentzio neurriak hartuko dira. Baina nahita ez dituzte ez ikastaro egunak ezta tokia ere zehaztu nahi izan. Xehetasunok lotu aurretik izen ematea bideratu nahi dute eta “interesen eta jendearen bizilekuaren arabera ikastaroak leku ezberdinetan kokatuko ditugu”, gizarte zerbitzuetako udal teknikari Maria Salsamendik ekimen honen aurkezpen saioan, Potxoenean zioenez. Ziurrenik Kaxkoan egingo da saioa, baina “auzoetan eskaera balego, bertara eramango genuke ikastaroa”. Izena ematen dutenek, telefono mugikorra ikastarora eramatea eskatzen diete. Izen emateko aldiz, Gizarte Zerbitzuetara deitu besterik ez dute, 943 377 110 telefono zenbakira. Bai izen emateko, baita informazio gehiago jasotzeko ere.
Erabateko isolamendua hausteko ezinbestekoa
Parte hartzeko gonbita luzatu zue Salsamendik. Ikastaroaren ideia, osasun krisialdiari herri gisa nola erantzun erabakitzeko urria amaieran herri eragileek egindako bileran sortu zen. Lehendik zegoen arrakala digitala askoz ageriagoan utzi du pandemia honek, oso modu berezian iazko udaberriko konfinamenduan. Etxetik atera ezinik ginela, bide telematikoek hartu zuten garrantzia ukaezina da, bai lanerako, baita noski harremandu eta honenbestez, etxetik atera ezinda bizi genuen isolamendua nolabait “hausteko”.
Itziar Basterrika gizarte zerbitzuetako zinegotziak Potxoeneko agerraldian nabarmentzen zuenez, “agerian geratu zen sare bat dutenek hobeto jasan zutela konfinamendu hura. Teknologia digitalean abilagoak direnek etxetik atera ezin eta lagun eta senideekin ohiko bihurtu ziren bideodeiak”. Egoera gogorra arintzen lagundu zuen, baina “zer gertatzen da ordea teknologia berriekin moldatzen ez direnekin?”.
Administrazio digitalerantz
65 urtetik gorakoen kolektiboak beste adin tarte batzuekin alderatuta gaitasun digital apalagoa du. Nabaria da arrakala digitala. Usurbilgo Udalak bereziki kolektibo honek bizitako isolamendu gogorrari aurre egiteko telefono deiak egin zizkien “zer moduz zeuden galdetu, laguntzarik behar ote zuten jakin, inguruan seniderik edo lagunduko zien inor ba ote zuten eta maiztasun batekin deitzekoa nahiko luketen ezagutzeko”.
Egun administrazio elektronikorako jauzia egiten ari da Udala “Konektatzen” aldarriaren bueltan. Baina Basterrikak ohartarazi zuenez, “herritarrek udalarekin digitalki konektatzeko tresnak sortzea bezain garrantzitsua da herritarrek tresna horiek erabiltzen jakitea”. Behar honi erantzuteko iragarri du Udalak teknologia digitalean trebatzeko ikastaroa, baita adinekoen isolamenduari aurre egiteko ere. Bideokonferentziak egin eta whatsappa erabiltzen ikasiko dute parte hartzaileek, “bakardadeari aurre egin eta hurbilekoekin kontaktua edukitzen jarraitzen laguntzen dutenak”.
Herritar guztien ongizatea helburu duela antolatu du Udalak ikastaro hau, “ongizateaz ari garenean, zahartze aktiboaz ere ari gara” eta.