Covid19a aldentzeko lurrari deiadarka

Pandemia beteko Santa Ageda eguna gaur, bezperan makil hotsik ez zen falta izan Usurbilen. Egungo osasun krisialdira egokituriko ospakizun txikia egin zuten Udarregi Ikastolakoek.

Zorionez covid19ak ez ditu guztiz eten, urtero berritu ohi diren usadio zaharrak, ez behintzat euskal kulturaren transmisioaren ikuspuntutik ezin garrantzitsuagoak direnak ikastetxeentzat.

Egungo osasun krisialdiak ahalbidetzen dieten heinean eta beharrezko segurtasun neurriak hartuta, otsailaren 4an ez genuen urteroko makil hotsak falta izan. Santa Ageda bezperako kopla ezagunak abesten entzun genituen lurrari deiadarka, makilen kolpe hotsen erritmora Udarregi Ikastolako LH-koak.

Bizi dugun osasun krisialdia, covid19 madarikatua hizpide zuten bertsoekin, koronabirusa uxatzeko eskaera presente egon zen. Egungo testuingurura egokitutako ekitaldiak eskaini zituzten, publikorik gabe, musukoak aurpegian, eta beste urteetan baino multzo txikiagoetan; goizean Artzababen LH 1, 2 eta 3 mailetako ikasleek eskaini zuten saioa. Bazkalostean, LH 4, 5 eta 6. mailetakoek frontoian, biak ala biak Jaione Eskuderoren gidaritzapean. Haur Hezkuntzakoak Agerialdeko patioan aritu ziren.