2020ko otsailekoa duzue ondoko argazkia, Zaldibarko zabortegiko hondamendia gertatu eta egun gutxira Mikel Laboa plazan, "Zaldibar argitu, erraustegia gelditu!" aldarripean egin zuten elkarretaratze jendetsua. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoako hainbat udalerrietan deitu zituen mobilizazioetako bat izan zen Usurbilgoa. Elkarretaratzearen bidez, lehenbizi, Zaldibarko zabortegiak erasandakoei elkartasuna adierazi nahi izan zieten. Bigarrenik, hondakinen kudeaketa eredu kaxkarra salatu.
Mobilizazioko aldarri hura inoiz baino biziago dago egun. Zaldibarko zabortegiaren hondamendiaren lehen urtemuga eguna dugu larunbat hau (otsailaren 6a). Hilabete guztiotan egin duten moduan, bertan jazotakoa argitu arte mobilizatzen segiko dute baita gaur ere. Zaldibar Argitu plataformak manifestazioa deitu du "Urtebete!" Joaquin eta Alberto gogoan. Langileak. Osasuna. Erantzukizuna" exijitzeko.
"Ez dugu ahaztu, ez dugu onartuko" diote deitzaileek. Duela urtebetekoa ez den "desastre naturala" izan, "abarizia, kudeaketa negargarriaren, kontrol faltaren eta laguntxoen kapitalismoaren ondorioa baizik".
"Zaldibar, izeberg-aren punta da"
Herri plataformaren sorrerako helburuek betetzeke segitzen dute; hondakinen tonen azpian harrapatuta geraturiko bi langileetako bat aurkitu dute, bestea ez. Bigarren langilea aurkitu arte, "gure osasuna eta ingurugiroa salbu izan arte eta erantzukizun guztiak argitu arte" ez direla geratuko gogorarazten du herri plataformak sare sozialen bidez.
Duela astebete, ingurumen larrialdia salatzeko Larreko Mahaiak Donostian deitutako manifestazioarekin bat egin zuen baita "Zaldibar Argitu!" herri plataformak. "Guretzat gauza handia da Euskal Herritik jaso dugun babesa", adierazi zuten lehen urtemuga honetara arte. "Otsailak 6 hartatik, urte gogorra bizi izan dugu; intentsitatez, beldurrez, amorruz eta suminduraz betetako urtea izan da. Baina elkartasunez, borrokaz eta indarrez koloreztatu dugu".
Otsailaren 6 hartan bizitakoa honela oroitzen zuten. "Desastre sozial eta humanoa, bi langile, etxera itzuli ez zirelako. Desastre ekologikoa, amiantoz nahasturiko zaborrezko mendi bat erori zelako; gure lur, ur eta airea kutsatuz. Eta desastre politikoa: kontrol falta, isiltasun konplizeak, laguntxoen arteko negozioak, aurpegi zuritzeak, patrika pribatuak elikatzeko joera, errespetu faltak, iluntasuna. Otsailak 6an, zabortegiarekin batera, gure politikarien gotorlekuak ere erori ziren; biluzik geratu ziren. Zaldibar, izeberg-aren punta da: azalean geratu den zatia. Begi bistakoa izan dena. Ur azpian dagoena ur-azalera ekarri behar dugu. Hainbeste lohi estali dituzten alfonbrak astintzeko garaia da".
Durangoko epaitegiko epaiketara aurkeztu dira, "Herritarren ahotsa izan eta interes orokorra babesteko. Epaiketen gastuei aurre egin ahal izateko diru-bilketa kanpaina bat jarri dugu martxan, itsulapikoa.eus atarian. Gaiarekin kezkatutako eragile eta norbanako ezberdinei dei egiten diegu ekimena laguntzera".
"Beraien hondakinetan itoko gaituzte"
Zaldibarko zabortegian jazotakoa argitu eta garai hartan "probaldi fasean" zen Zubietako erraustegia geratzeko aldarriek bat egin zuten, duela urtebete, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Usurbilen deitutako mobilizazio hartan, baita hilabete amaieran Larreko Mahaiko eragileek Donostian deitu zuten manifestazioan ere. "Zaldibar argitu, Zubieta gelditu!", milaka lagun batu zituen manifestazioan zehar entzundako aldarrietako bat izan zen. Amaieran bereziki, "Zaldibar Argitu!" herri plataformako kideek hitza hartutakoan. "Guztiok ordaindu behar dugu orain gutxi batzuen harrokeria, handinahai eta diru gosea. Ez soilik diru publikoarekin, geure gorputzarekin baizik, geure bizitzarekin". Norabide berean jarraituz gero ziotenez, "beraien hondakinetan itoko gaituzte, eta guk garbi diogu: aski da".
Zaldibarko zabortegiko hondamendiak ekarritako guztia argitzeko aldarriak bizirik segi du hilabeteotan, erraustegia geratzeko deialdiak baita. Udaberriko konfinamenduan zehar, covid19agatik soilik ez, erraustegiagatik ere larrialdi egoeran ginela salatzeko sirena hotsak piztu zituzten herritarrek hainbatetan.
Eta larrialdi egoera horren erakusle izan dira baita, erraustegiaren bueltan jazotako hainbat gertaera; udaberrian bertan, iazko maiatzean, Arkaitzerrekan izandako amoniako isurketa, ehunka arrain hil zituena. Erraustegiko transformagailuaren matxura, hilabeteotan izandako suteak... Azkena urtarrila hasieran, berriki GuraSOSek salatu duen moduan. Erraustegia ixtea eskaera behin eta berriz exijitu da. Halere, abenduaren 11z geroztik, Foru Aldundiaren esanetan "ofizialki" martxan da erraustegia. Ezbaian dira ordea, beharrezko baimen eta baldintza guztiak beteta ari ote den lanean. Hainbat eragileek salatu dutenez, ez. Egunerokoan halere, erraustegitik ke zutabeak noiznahi ikus daitezke, azken orduotan ere bai.