Usurbilkultura.eus

“Elikatuz” dator Ameba disko berriarekin, Sutegiko igandeko aurkezpen kontzertura

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 8a, 10:20
Argazkiaren egilea: Lurdes Hueta.

Aurrekaririk gabeko pandemia betean, bide ezin emankorragoa jorratzen ari dira. Testuinguru zail honetan hasieran ezinezkoak ziruditen zenbait kontzertu emateko moduan izan dira eta uste baino azkarrago disko berri bat Garaten grabatu eta argitaratu dute. Bide horretan jasotakoaren emaitza da orain bueltan publikoarekin partekatu nahi dutena; hortik, estreinako diskoaren izena, “elikatuz”.  Otsailaren 14an aurkeztuko dute 17:00etan Sutegin. Emanaldirako izena doan eman dezakezue usurbilkultura.eus atarian.

Jaietako Bertsio Gaua izan zen taldearen sorrerako pizgarria; iazko Kultur Bira disko honena?
Malen Azpiazu: 
Kultur Biran parte hartzeko proposamena egin zigutenean kanta gutxirekin eta sortzen ari ginen, baina motibatu eta kontzertua eskaintzea erabaki genuen. Oso harrera ona izan eta denbora genuela ikusita, ausartu eta diskoa grabatuko bagenu? Apustua egin genuen kanta sortu berriekin, lan pixka bat egin eta Garatera igo ginen.
Jon Mikel Azpiazu: Gure asmoa lehen uda hori kontzertuz betetzea zen, eta modu horretara hastea. Egoera arraro honek ordea bultzatu du diska hain azkar argitaratzea.

Grabatzera joan aurretik zenbat kontzertu eskaini zenituzten?
J.M.A.: 
Estudiora sartu aurretik bakarra. Abuztuan sartu ginen. Uda topera entseatzeko baliatu genuen. Gure kantak gure kabuz grabatu, entzuteko.
M.A.: Garaten 8-10 bat egunez grabatu eta biharamunean, Atxegaldeko jai egokituan jo genuen.
Enara Eizagirre: Inondik ez zigutela deituko uste genuen. Bainadenera sei bat kontzertu eskainiko genituen.
Aritz Zabaleta: Gerora uste baino gehiago atera zaizkigu.

“Elikatuz” da zuen estreinako lanaren izenburua.
J.M.A.: 
Lehen aipatutako taldearen sorreragatik jarri diogu izenburua. Musikarengatik dugun zaletasunagatik bildu gara baina baita herriko mugimendu honek eman digunagatik. Bestela ez ginen elkartuko. Horrek guztiak elikatu gaitu eta eskertza moduan, sortu dugunarekin orain gure inguruko herri mugimendua, gazteak elikatu nahi ditugu.
A.Z.: Ameba izeneko kantan ere presente dago.

Aditzaren forma zein den ikusita, elikatzen jarraitzeko asmoz zarete?
E.E.: Ahal dugun eta uzten diguten heinean gogotsu gaude.
J.M.A.: Guztia ilun ikusten den honetan, aurrera jo eta gauzak egiteko gonbita, ilusio pizgarri bat da.

Aurkezpen bira iragarri duzue, baina testuinguru honetan nola daukazue enfokatua bira hori?
A.Z.: 
Gure eskaintza toki askotara bidalia dago. Toki dezentetatik egoera zaila dela baina gure proposamena kontuan hartzen dutela erantzun digute. Ziurgabetasun handia dago.
E.E.: Lokalak ere diruz ez dabiltza ondo. Oñatin joko dugu uzten badigute behintzat. J.M.A.:Egungo gazteen bizi estiloa sare sozialetan asko mugitzen denez, gure musika zabaltzeko beste bide batzuk aurkitzen gabiltza; aurrerapen kanta bat atera dugu, disko hau orain, hor gabiltza bideoklip batekin…

Estilo baten aurkikuntzan ari zinetela aipatzen zeniguten lehen kontzertuaren bezperatan. Disko honek estilo aurkikuntza horri erantzuten dio?
M.A.: Kanta guztiak dira desberdinak; batzuk lasaiagoak, besteak indartsuagoak, oso estilo desberdinekoak. Esperimentatzen ari garela esango nuke.
A.Z.: Bada “plus” interesgarria, kantek izan dezaketen freskotasuna, mota ezberdinekoak izatea. Estiloa dezente aldatzen dugu. Aprezio handia diot aukera hori izateari, estilo bakarrera mugatu gabe. Aniztasun hori mantentzea polita litzateke. Garaten grabatzera sartu ginenean, Martxel Arkarazok gure soinua aurkitzeko lan horretan piloa lagundu zigun. Hor dezenteko pausoak eman ditugu.

Santueneko Kultur Birako lehen kontzertua esperientzia berria izan zen. Zuen lehen emanaldia, jendea eserita… Zer moduzkoa?
E.E.: Liherrekin jo genuen. Lehen kontzertua, 200etik gora lagun, jendea eserita, begira-begira… Zirrara sorrarazi zigun, baina erantzuna oso ona izan zen. Publikoaren “feedback” hori jaso dugu eta gustura. Formatu honetan jende desberdina animatu da.

“Ohiko egoeran” helduko ez zineten jende batengana ailegatu zineten?
J.M.A.: 
Formatu hau guztiontzako berria da. Joera egon liteke lotzeko musika lasaiarekin edo bakarlari batekin, edo dantzagarria ez den zerbaitekin. Baina erakutsi da, rock musika edo musika dantzagarria, alaia ere ahal dela egin formatu horretan. Formatu hauetan parte hartzera ausartu behar da, talde ezberdinei aukera emanez.
A.Z.: 
Ikusleengan progresio handia ikusi dut gure kontzertuetan. Santuenean dena berria zen. Zortea dugu gure lagunak jo ditugun ia kontzertu guztietara joan direla. Santueneko kontzertua eta Zarauzkoa ikusi eserita baita nola ari ziren gozatzen, bizitzen... Ez genuke formatu honetara ohitzea nahi, baina hau ere eramaten jakitea garrantzitsua dela deritzogu.
J.M.A.:
Zarauzko Putzuzulo gaztetxean jo genuen duela aste batzuk, protokolo guztiak bete ziren, baina beste giro bat zegoen.

Egungo egoeran, Kultur Bira bezalako alternatiba bat lagungarria zaizue?
A.Z.: Bai, gure kasuan bultzada handia eman zigun. Egoera txar hau gainditu artean formatu hau mantentzea, ahalegin hori asko eskertzen da.

Ahaztu gabe era berean egoera hobetuko balitz…
A.Z.: 
Bai, ahaztu gabe ez dugula ohitu behar guztiz kontzertuak hala ikustera. Baina aukerak ez dauden tokitik aukera berriak sortzeko ahalegin hori egitea, antolatu dutenen aldetik garrantzitsua da, eskertzen da, eta beharrezkoa da.
J.M.A.: Kultur Bira udalak eta beste eragile batzuk lagundu dute. Deia egingo nieke erakundeetan ez dauden herriko eragile horiei guztiei, sinetsi dezatela beraiek ere gai direla halako ekimenak antolatzeko, modu seguruan egin dira kontzertuak.

“Ezin daitekeela egin” esaldia erabat lurperatua geratua da ezta?
M.A.: 
Askotan esaten digute ezin duzue hau edo bestea egin. Zer ezin dugun egin baino egoera honetan zer ahal dugun egin begiratu behar dugu eta hortik tira. Ezin duguna egin asko da, baina egin daitekeena ere asko da.

“Denek elikatu gaituzte eta gu haiek elikatzen saiatuko gara orain”
Euskal kulturgintza zer panoramatan ikusten duzue?
J.M.A.: 
Pandemia aurretik gutxietsitako espazio bat zen, eta orain, pandemian are eta gehiago. Hasieran joera bazen nire iritziz, biziraupen horretan erakutsi beharra une oro hor gaudela. Eman zigun zer ikasia, indarrak batzeko. Inguruan sare batzuk sortzen hasi dira, Euskal Herri mailan ere kulturgintzan aurrerapauso batzuk eman nahi dira. Luze ari da jotzen hau guztia, ez baduzu plaza bat energia gastatzen doa.

Oxigenoa da kultura bizi dugun egoeran, zuen emanaldia ere izatez inauterien asteburuan programatu da. Zer sortzen dizue egoera berezi honetan disko berri bat aurkezteko kontzertuak?
A.Z.: 
Ez nintzen oroitzen inauterien asteburua zenik ere. Halere ez nuen irudikatuko inauterietan diskoa aurkezten. Formatu lasaiagoa nahi genuen, eserita ikusteko. Aukera ona dugu alde horretatik Sutegin, aforo kontrolatua eta halakoak egiteko aukera ematen digu.

Zuen diskoaren aurkezpen kontzertura doanak zer aurkituko du?
J.M.A.: 
Sutegin izango da, Kultur Biran egin diren ekitaldien antzera, usurbilkultura.eus plataforman eman beharko da izena doan. Bertan salgai jarriko ditugu gure diskak eta kamisetak lehen aldiz. Garai hauetan kontzertua izatea bai da ezohikoa, oso berezia.
J.M.A.: Diskan aipaturiko eskerrak gogorarazi nahi genituzke; Martxel Arkarazok ikaragarri lagundu digu grabaketan.
A.Z.: Sutegin soinuarekin lagunduko digu. Sara Etxeberriak egin digu diskaren eta kamiseten diseinua. Aitzaga tabernak diru laguntza bat eman zigun gure proiektua bultzatzeko. Garateko grabaketaren esperientzia ikaragarria izan zen, udalekuetara joatea bezala. Jendea etorri zen gu animatzera. Babes handia jaso genuen, lagunena, espero ez genuen jendearena. Guztiei eskerrak. Pena handiz atera ginen handik.
M.A.: Garaten eta egin dugun bide osoan harrera ezinhobea izan dugu. Lagunen, familiaren babes handia izan dugu uneoro eta oso eskertzekoa da.

“Elikatuz” diskoaren izenburuari are ohore handiagoa egiten dio horrek guztiak ezta?
M.A.: 
Denek elikatu gaituzte eta gu haiek elikatzen saiatuko gara orain.