Koronabirusa

Ostalariak hirugarren itxialdiaren atarian

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 8a, 12:29

Udazkenean bezala eremu gorrian sartu gara berriz eta hirugarren itxialdiaren atarian dira herriko ostalariak. Bihartik ixteko agindua dute, covid19aren intzidentzia 539koa izatera heldu baita Usurbilen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek helegitea aurkeztua dute itxiera hauen aurka, astearte goizean erabakiren bat hartzekoa da aipatu auzitegia.

Eta berriz ixtera. Goizean Txirristra taberna parean toldo berria jartzeko lanetan ari ziren Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneroko txosten epidemiologikoa kaleratu duenean. Usurbilen 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa 539raino igo dela berri eman du. Ondorioz, gaur iluntzeko 20:00etan herriko ostalaritzak ixteko agindua du, Usurbil eremu gorritik laranjara itzuli arte gutxienez. 

Bihartik (otsailak 9), terrazarik gabe, mahaiak eta aulkiak bilduta eta pertsianak jaitsita dituztela topatuko ditugu herriko tabernak, jatetxeak, eta baita, txotx bolada berria abiatu berria zuten sagardotegiak.

Hirugarren itxialdia
Honako hau hirugarren itxialdia dute tabernariek. Lehenengoa, iazko udaberriko konfinamenduarekin batera heldu zen. Hiru hilabetez itxita egon ziren tabernak eta jatetxeak. Ekainean zabaldu zituzten prebentzio neurri zorrotzen artean; unean uneko osasun krisialdiari aurre egiteko agindu berrietara egokitzea tokatu zitzaien sarritan. Eta hori aski ez eta azaroan, eremu gorrian ginela, Eusko Jaurlaritzak sektorea hilabetez ixtea agindu zuen berriz.

Gerora argitaraturiko dekretuetan, 500etik gorako intzidentzia duten udalerrietan, hots, eremu gorrian zirenetan sektorea ixteko aginduak indarrean segi du. Abenduan tabernen irekiera baimendu zutenetik, eremu laranjan, geroa horian eta urte amaieran berdean egotera ere heldu ginen Usurbilen. Urte hasieratik ordea, eremu berdetik horira eta horitik laranjara jauzi egin dugu. Astelehen honetan eremu gorrira igarotzearekin batera heldu da hirugarrenez, ostalaritza sektorearen itxiera agindu berria.

EAE-ko Auzitegi Nagusiak zer esango zain
Ikusteke dago halere, zer gertatuko den covid19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak ezin gogorrago kolpatzen ari diren sektore honekin. Astearte honetan (otsailak 9) Euskadiko Auzitegi Gorenean zer gerta daitekeen ikusi beharko da. Hain zuzen, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek, eremu gorrian diren udalerrietako establezimenduen itxiera aginduen aurkako helegitea aurkeztu dute auzitegi horretan. 

Helegite horri erantzutekoa da astearte goizean Euskadiko Auzitegi Gorena. Bi erabaki har ditzake; ostalarien helegitea aintzakotzat ez hartzea eta honenbestez, 500etik gorako intzidentzia duten udalerrietako taberna eta jatetxeek itxita egoten segi beharko dute. Ostalarien elkarteen helegitea onartuko balute, itxiera indargabetu dezake auzitegiak eta irekitzea baimendu. 

Ostalari elkarteen eskaera argia da; udalerriak edozein koloretako eremuetan egonda ere, indarrean diren segurtasun neurriekin taberna eta jatetxeek irekita segitzea; %50eko aforoarekin, eserita kontsumitzea, 20:00etan ixtea, mahai eta aulkien arteko segurtasun distantzia bermatuta, musukoak jantzita... Argi adierazi izan dute azken asteotako covid19 kasuen gorakadaren errudunak ez direla ostalariak.