Koronabirusa

Itxi berritan, tabernak eta jatetxeak berriz irekitzeko baimena dute ostalariek

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 9a, 13:46

Euskadiko Auzitegi Gorenak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek aurkezturiko helegitea onartu du. Honenbestez, eremu gorrian diren udalerrietako ostalaritza guneak irekitzea baimendu du behin-behinean, auzi honi buruzko epaia kaleratu artean behintzat. Hedabideek zabaldu dutenez, auzitegi honentzat sektoreak hartu dituen prebentzio neurriekin ez da "osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua". Usurbilgo ostalaritza guneak itxi berritan harrapatu ditu astearte eguerdiko albisteak.

Auzitegia ostalarien alde momentuz; horixe ondoriozta daiteke, EAE-ko Auzitegi Nagusiak astearte eguerdi honetan hartu berri duen erabakitik. Eremu gorrian dauden udalerrietako ostalaritza guneen itxieraren aurka helegitea aurkeztua zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek. Bidegabetzat jotzen zuten Eusko Jaurlaritzak onarturiko itxiera agindu hau.

Ikusteke zen zer gertatuko den covid19ari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak ezin gogorrago kolpatzen ari diren sektore honek aurkezturiko helegitearekin. Astearte honetan (otsailak 9) Euskadiko Auzitegi Gorenak helegite hau aintzakotzat hartu edo alboratu beharra zuen, eta azkenean ostalarien helegitea onartzea erabaki du.

Irekitzeko behin behineko baimena
Horrek berehalako ondorioa izan dezake ostalaritza sektorean; 500etik gorako intzidentzia izan edo eremu gorrian diren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztietako tabernak eta jatetxeak zabaltzeko baimena izango dute gaurtik, ez behin betiko baina aldi baterako bai behintzat; gutxienez, EAE-ko Auzitegi Nagusiak auzi honen inguruko erabaki irmoago bat hartu arte. Ostalaritzak "ez dirudi osasun publikoarentzat bereziki arriskutsua", horixe irizten dio EAE-ko Auzitegi Nagusiak.

Ostalarien elkarteen eskaera argia da; udalerriak edozein koloretako eremuetan egonda ere, indarrean diren segurtasun neurriekin taberna eta jatetxeek irekitzen segi ahal izatea. Neurriok dira indarrean egun: %50eko aforoa eserita kontsumitu ahal izatea, 20:00etan ixtea, mahai eta aulkien arteko segurtasun distantzia bermatu beharra, musukoak jantzi beharra edan edo jateko unean ez bada...

Argi adierazi izan dute azken asteotako covid19 kasuen gorakadaren errudunak ez direla ostalariak.  Auzitegiek behintzat bide eman diote momentuz, sektorearen eskaerari; ikusteke dago azkenean, ostalarien eskaerak benetan onartuak izango ote diren.

Itxi berritan berriz zabaltzeko aukera
Egoera ulerkaitz asko bizitzen ari gara pandemia honetan. Gaur Usurbilen ostalaritza sektorea bizitzen ari dena, horren adibidea dugu. Duela 24 ordu jaso zuten herriko taberna, jatetxe eta sagardotegiek ixteko agindua, udalerria eremu gorrian sartu zelako. 

Astelehen iluntzeko 20:00etan itxi zituzten, noiz ireki ahalko zituzten berriz jakin ezinik. Hirugarren itxialdiari aurre egin beharrean den sektoreak, biharamun honetan establezimenduok berriz irekitzeko baimena jaso du. Ez da behin betiko baimena, auzia argitu artekoa baizik.