Koronabirusa

Ostalariak lan egin ezinik, herri giroa itzaliago

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 9a, 13:34

EAEko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian diren udalerrietako ostalaritza establezimenduak irekitzea baimendu du astearte eguerdi honetan; hain zuzen, Usurbilgo taberna eta jatetxeek hirugarren itxialdia hasi duten egun berean. Sektoreko langileak lan egin ezinik dira berriz, herri giroa itzaliago.

Begi bistakoa da herri bizitzari herri merkataritzak eta ostalaritzak egiten dion ekarpena. Horren lekuko astearte goiz honetan bildu ditugun irudiok. Usurbilgo tabernak eta jatetxeak hirugarren itxialdian dira gaurtik, duela 24 ordu udalerria eremu gorrira igaro ostean, edo bestela esanda, covid19aren 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentziak 500eko muga gainditu eta 539ra igo ostean. 

Eusko Jaurlaritzak onartuak dituen neurri murriztaileen arabera, udalerri bat eremu gorrira igarotzean, bertako ostalaritza sektoreak pertsiana jaitsi behar du. Sektore oso bat lan egin ezinik da hirugarrenez, herri bizitza itzaliago, argazkiotan begi bistan geratzen denez.

Itxialdi honek ordea, berehalako amaiera izan dezake; astearte eguerdi honetan EAE-ko Auzitegi Nagusiak eremu gorrian diren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietako tabernak eta jatetxeak irekitzea baimendu baitu, behin-behinean bada ere, hiru herrialdeotako ostalarien elkarteek aurkezturiko helegitea onartu ostean. Helegite hau, eremu gorrian diren udalerrietako sektore honen itxieraren aurkakoa zen, aipatu auzitegiak gaur bertan aintzakotzat hartzea erabaki duena.