Koronabirusa

Eusko Jaurlaritza ostalaritza guneak zabaltzearekin desados

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 10a, 11:33

EAE-ko Auzitegi Nagusiak kautelaz hartutako neurriaren aurka agertu da Eusko Jaurlaritza. Ostiralean bilduko da Jaurlaritzaren LABI aholku batzorde teknikoa, egun indarrean diren neurriekin zer egin erabakitzeko.

Hasieran askoz luzeagoa, epe mugagabe batean jatetxe, taberna eta sagardotegiak itxita egongo zitezkeela aurreikusi zitekeen. Pandemia hau ordea sarritan erakusten ari zaigun moduan, aurreikuspen gutxi egin daitezke aurrekaririk gabeko osasun krisialdi honetan. Osasun krisialdiak bizitzako arlo guztietan duen eragina ere ezinezkoa da neurtzea, eta neurri logiko, zehatzetan islatzea.

Ostalaritzarekin gertatzen ari dena dugu horren adibide argia. Astelehenean zabalik ziren, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneroko txosten epidemiologikoa argitaratu eta Usurbil eremu gorrira igaro zela ohartarazi zuenean. 500eko muga gainditu eta 539raino goa zen covid19aren 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa Usurbilen. 

Eremu gorrira igarota, tabernek, jatetxeek eta sagardotegiek ixteko Eusko Jaurlaritzaren agindua izaten dute. Hala izan da orain arte. Itxiera agindu horren aurka, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ostalarien elkarteek helegitea aurkeztu zuten neurri honen aurka. EAE-ko Auzitegi Nagusiak neurri kautelar gisa aintzakotzat hartzea erabaki du eta honenbestez, eremu gorrian diren udalerrietako ostalaritza guneak irekitzea baimendu du, bai gutxienez auzi hau sakonago aztertu artean behintzat.

"Ez dator bat"
Eremu gorrian diren udalerrietako ostalaritza guneak ixteko emandako aginduaren aurka agertu da EAE-ko Auzitegi Nagusia. "Eusko Jaurlaritzak ohar bidez adierazi duenez, "errespetatu egiten du, baina ez dator bat" aipatu auzitegiak emandako ebazpenarekin. Azken orduotan Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriaren esanetan, "ebazpen horrek ahuldu egiten ditu Eusko Jaurlaritzak gaur egungo egoera zail eta ahulean osasuna zaintzeko dituen tresnak".

Horrekin batera, Jaurlaritzak iragarri duenez, "zerbitzu juridikoek EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpena aztertuko dute, bai eta pandemiaren aurka borrokatzeko helburuari heltzeko Euskadik dituen eskumenetan duen eragina edo aldaketa ere".

Ostiralean biltzekoa da Jaurlaritzaren LABI aholku batzorde teknikoa; egun indarrean diren neurriei eutsi, neurriok gogortu edota malgutzea erabaki dezake Jaurlaritzak.