Koronabirusa

Eremu gorrian diren EAE-ko 66 udalerrien zerrendan segitzen du Usurbilek

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 11a, 13:06

66 dira ostegun honetan (otsailak 11) eremu gorrian segitzen duten EAEko udalerriak. Tartean da Usurbil, gaur bertan Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen ebazpenak ohartarazten duen moduan.

Astelehenero eta ostegunero eguneratzen du Eusko Jaurlaritzak, covid19ak 500etik gorako intzidentzia duten, edo bestela esanda, eremu gorrian diren udalerrien zerrenda. Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak plazaratzen duen ebazpen horretara batu zen astelehenean Usurbil, koronabirusa 100.000 biztanleko 539ko 14 eguneko intzidentzia izatera heldu baita udalerri honetan. Geroztik, asteartean ere 539ko intzidentzia erregistratu zen udalerri honetan, atzo 618,26koa eta ostegun honetan, 554,85ekoa.

Kopuruok gorabehera, eremu gorrian segi du Usurbilek egun guztiotan, baita gaur (otsailak 11) ere, eta honenbestez, Eusko Jaurlaritzak astelehenero eta ostegunero argitaratzen duen eremu gorrian diren udalerrien zerrendan txertatu dute berriz Usurbil.

Luzea da ordea, eremu gorrian diren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrien zerrenda. Bi multzotan sailkatzen ditu Eusko Jaurlaritzak. 5.000 biztanletik gora dituztenak batetik, 5.000 biztanletik behera dituztenak bestetik. Segidan dituzue ostegun honetan eremu gorrian direnak, 66 guztira. Astelehenean baino 18 gutxiago.

5.000 biztanletik gorakoak: 35
Abadiño, Agurain, Arrigorriaga, Astigarraga, Azpeitia, Balmaseda, Basauri, Berango, Bergara, Bermeo, Bilbo, Derio, Donostia, Durango, Elgoibar, Errenteria, Gasteiz, Getxo, Gorliz, Güeñes, Irun, Lasarte-Oria, Legazpi, Leioa, Lezo, Muskiz, Oñati, Orio, Pasaia, Santurtzi, Sopela, Tolosa, Urretxu, Usurbil, Zumarraga.

5.000 biztanletik beherakoak: 21
Alonsotegi, Aramaio, Iruraiz-Gauna, Iurreta, Laguardia, Lemoiz, Lezama, Loiu, Mendaro, Moreda Araba, Ormaiztegi, Plentzia, Segura, Sondika, Sopuerta, Urduliz, Urkabustaiz, Zaldibar, Zamudio, Zaratamo, Zegama.

Hemen Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen ebazpena osorik: eremu gorrian diren udalerrien zerrenda