Banda zabala landa eremu osora hedatzeko pauso berri bat eman du Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 16a, 14:06

Herrigunean jarria dago banda zabalaz hornitzeko azpiegitura, baina landa eremuko hainbat gunetan ez da zerbitzu hori eskaintzen oraindik. Udalak egoera honekin amaitzeko borondatea agertu du.

Oinarrizko azpiegitura dela uste du udalak eta banda zabala udalerriko baserri guztietara hedatzeko ahaleginean, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi dio zeintzuk diren banda zabalik gabeko eremuak, hori konpontzeko prozedura abia dezan.

 

BANDA ZABALA

Udalak oinarrizko azpiegitura dela uste du eta banda zabala udalerriko baserri guztietara iristeko ahaleginean, Foru Aldundiari jakinarazi dio zeintzuk diren banda zabalik gabeko eremuak, hori konpontzeko prozedura abiatu dezan

 

Azpiegitura honen falta duten 75 etxebizitza identifikatu ditu udalak. Mapa bat kaleratu du udaletxeko ingurumen eta nekazaritza sailak, identifikatutako etxebizitzak erakusten dituena. “Landa eremuan bizi den herritarren batek ikusiko balu bere etxebizitza falta dela, jar dadila gurekin harremanetan”, eskatu dute nekazaritza saileko ordezkariek.

 

Pandemia garaian konektatuta egotearen garrantzia

“Gaur egun, eta pandemia garaian are gehiago, sarean konektatuta egotea ezinbesteko bihurtu da eguneroko hainbat jarduera normaltasunez egin ahal izateko”, argudiatu du ingurumen eta nekazaritza sailak. Horregatik, are premiazkotzat jotzen dute zerbitzu honen zabalkundea.

 

Udalak, eskumen mugatuak

Udalak eskumen mugatuak ditu alor horretan. “Aldundiari egin dio eskaera, baina handik Madrilera bidaltzen dute, eta Madrilen onartutakoaren araberako esleipenak abiatu ahal izango ditu, gerora, aldundiak berak, eta ez udalak”.

 

Zerbitzu gabeko 75 etxebizitza identifikatu ditu udalak

Baserriekin harremanetan jarrita, azpiegitura hori falta duten 75 etxebizitza identifikatu ditu udalak, baina ezin izan du guztiekin hitz egin: ingurumen eta nekazaritza sailarekin harremanetan jartzeko eskatu diete irudiko mapan berdez ageri ez diren landa eremuko herritarrei.

 

 

Nekazaritza sailera jo behar da

Zerbitzuan interesa duten herritarrei otsailaren 26a baino lehen ingurumen eta nekazaritza sailarekin harremanetan jartzeko eskatu zaie. Bi modutara egin daiteke:

ingurumena@usurbil.eus e-posta helbidera email bat idatziz.

Udaletxera telefonoz deituz: 943 37 19 51.