Tren geltokia berritzeko proiektua, berridazketa prozesu betean

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 17a, 08:01

Tren geltokia berritzeko proiektua urte amaierarako prest egon liteke, Usurbilgo Udalak berri eman duenez.

2010. urtean egin zen proiektua idazteko lehen saiakera baztertua geratu ondoren, Usurbilgo tren geltokia berritzeko prozesua aurrerantz doala dirudi oraingoan, Usurbilgo Udalak berri eman duenez. Iaz hasi zuen prozedura Euskal Trenbide Sareak, Typsa izeneko enpresari esleitu zitzaion proiektua berridazteko ardura. Proiektu hau urte amaiera honetarako prest izango dela aurreikusten dute. Euskal Trenbide Sareak (ETS) gauzatu beharko du. “ETSk zor historikoa du Usurbilekin: lehen ere egin zuten proiektua, eta tiraderan gordeta gelditu zen. Proiektu berridatzia gauzatu dadin lanean ari gara: espero dezagun ETSk emandako hitza betetzea”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

 

"Santuenearen eta Kaxkoaren arteko lotura zuzenagoa litzateke oinezkoentzat, inpaktu txikiagoa eragingo luke, eta merkeagoa litzateke"

 

Bi proposamen proiektuari

Bi ekarpen nagusi egin dizkio Udalak berridazketa prozesu betean den proiektuari, “geltoki berria egitea merkeago izateaz gain, funtzionalagoa eta ingurunearekiko inpaktu gutxiagokoa izan dadin”, eta 2010ean gertatu ez zen moduan, oraingoan egitasmoa gauzatu dadin.

“Udala haiekin harremanetan dago, geltoki berria herriarentzako ahalik eta egokiena izan dadin”. Batetik, Etxealdia eta geltokia lotuko lukeen zubia, 2010eko proiektuan aurreikusitakoa baino motzagoa izatea proposatu du. 2010ekoak Etxealdiatik hasita, N-634 errepidearen, trenbidearen eta Atalluko industriagunera arte luzatzen zen. Udalak ordea Ingemar lantegi pareko sarbidera laburtzea proposatu du. “Modu horretara, Santuenearen eta Kaxkoaren arteko lotura zuzenagoa litzateke oinezkoentzat, inpaktu txikiagoa eragingo luke, eta merkeagoa litzateke. Batera zein bestera, oinezkoen segurtasuna erabat bermatuko da, trenbide-pasagunea ezabatuko baita, herriko puntu arriskutsu bat desagerraraziz”, Udalaren esanetan.

Bigarren ekarpen bat ere egin dio Udalak aipatu proiektuari, “zubia eta geltokia bereizita egiteko aukera jasotzea”. Hartara, geltokia berritzeko lanak atzeratuko balira, “zubi berria egiteko oztopo izan ez dadin”. Zubia geltokira iristeko bidea izango da, eskailera nahiz igogailu bidez jaitsi ahalko da bertatik geltokiko bi aldeetara, hau da Donostia aldera doan trenera sartzeko nasara nahiz Orio aldekora jaistea ahalbidetuko du.