Amaitu dira N-634 errepideko lanak

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 19a, 10:58

Amaitu da N-634 errepideko amesgaiztoa. Bi erreiak zabalik dira gaurtik. Troiako bidegurutzeko semaforoa ere gaur jarriko dute martxan, udalak aditzera eman duenez. Ia hiru hilabetez luzatu dira berritze-lanak. 

Abenduaren 1ean hasi zen dena: “Gaurtik aurrera eta hiru hilabetez udalerri hau zeharkatzen duen N-634 errepideko errei bat itxita egongo da, Txikierdi eta Troia artean. Donostiatik Usurbil aldera etortzeko baliatu dezakeguna hain zuzen”.

Errepide alboko mendi magala egonkortzeko obrak egin dituzte bertan. Errei bat itxita, ibilgailuen joan etorria kudeatzeko semaforoak ezarri zituzten, “zirkulazioa bideratzeko, une oro: asteburuak eta gauak barne", ohartarazi zuen Udalak. Denbora honetan, oinezkoek Troiatik Zubieta aldera pasatzeko aukera izan dute, baina pasabide hori erregulatzen duen semaforoa ez da martxan izan eta arriskua begibistakoa zen.

Obra hiru hilabetez luzatuko zela esan bazuten ere, uste baino lehen amaitu dituzte lanak.