Usurbilgo PSE-EE: "Garrantzitsua da Udalak haur-minbiziaren gaineko kontzientzia sortzea"

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 19a, 11:42

Patxi Suárez zinegotzi sozialista kezkatuta dago, "orain baliabide guztiak Covid-19aren pandemiari aurre egitera bideratzen direlako. Haur-minbiziak ere baliabideak, azterlanak eta ikerketa behar ditu", dio hedabideetara igorri duen idatzi batean. Honi lotutako mozio bat erregistratu du udaletxean, otsailaren amaierako plenoan aztertua izan dadin.

Otsailaren 15ean, Haur Minbiziaren Nazioarteko Egunean, Patxi Suárez Usurbilgo zinegotzi sozialistak mozio bat erregistratu zuen udaletxean. Familia gipuzkoarrek bizi duten “osasun-drama” baten inguruan sentsibilizatzea eta hura ikusaraztea du helburu. Gauzak ondo, mozio hau otsaila amaierako ohiko plenoan hartuko dute hizpide.

Patxi Suárezen ustez, Covid-19aren pandemiak isilarazi egin du paziente onkologiko pediatrikoek diagnostikoen, tratamenduen eta ebakuntza onkologikoen atzerapenagatik bizi duten osasun-drama. Osasun-krisi hau ikerketan ondorio “larriak” izaten ari dela dio, minbiziaren inguruko oinarrizko ikerketa aldi baterako eten delako.

“Ez dakigu zenbateraino ari den koronabirusak eragindako osasun-krisi hau pazienteen diagnostikoa eta tratamendua eta haren ondorioa baldintzatzen. Segimendu egokia egin behar da eta, zalantzarik gabe, gizartearen sentsibilizazioa funtsezkoa da”, esan du prentsa-ohar bidez. Hori dela eta, eskatzen du Usurbilgo Udalak konpromisoa har dezan osasun publikoko eragileekin elkarlanean jarduteko, bizi-estilo osasungarriak sustatzen dituzten prebentzio-estrategietan, eta estrategia horiek tokiko erakunde-politikan sustatzeko, paziente onkologiko pediatriko horiek ikusarazteko.

Bozeramaile sozialistaren iritziz, "garrantzitsua da udalak gaixotasun horren gaineko kontzientzia sortzea", eta horregatik udalari eskatzen dio Eusko Jaurlaritzak eta minbizia duten gaixo horiekin eta haien familiartekoekin lan egiten duten erakundeek eta elkarteek egiten dituzten sentsibilizazio- eta laguntza-programen garapenean lankidetzan jarduteko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari eskatu die gaixotasunaren eraginpean dauden ume eta nerabe horien eta haien familien eskura tresna gehiago jartzea, "inpaktu emozionala, mentala eta fisikoa arintzeko".

Azkenik, haur-minbizia nerabe eta umeen heriotza-kausa nagusietako bat dela gogorarazi nahi du Suarezek. "Urtero, 400.000 minbizi-kasu baino gehiago diagnostikatzen dira mundu osoan, Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera. Espainian, 1.400 diagnostikatzen dira; Euskal Autonomia Erkidegoan, 100 eta 150 bitartean, eta, Gipuzkoan, 25 eta 30 bitartean".