Nafarroako Sutean

Usurbilgo erreten taldea: “Sutea handia izan da”

Noaua Aldizkaria 2021ko ots. 22a, 13:41

Larunbat eguerdian Nafarroan piztu zen sutea dagoeneko egonkortuta dago. Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan hala ere, puntu beroak daude oraindik. Kalteak handiak izan dira eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan, nahita piztutakoa dela ematen du. 2.000 hektarea baino gehiago erre dira. Sutea itzaltzeko lanean Usurbilgo erreten taldeak hartu du parte.

Larunbatean, eguerdi partean hasi zen sutea Beran; Nafarroaren, Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan. Haizea zakar zebilen goizean goizetik, eta sua zein kea berehala hedatu ziren. Larunbat gauean egoera kontrolatu ezinik zebiltzala jakinarazi zuten Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko arduradunek, baina egoerak nabarmen egin zuen hobera igande goizean.

Sua piztu zen egunean bertan, Usurbilgo erreten taldea hara abiatu zen. Igandean, eguerdi partean bueltatu ziren, gau osoa suteari aurre egiten jardun eta gero. “Bordatxo tabernan oso nekatuta topatu ditugu, jan gabe”, azaldu zigun herritar batek emailez. “Sutea ikaragarria izan dela esan digute. Usurbildar talde honek boluntario lana egiten du, kristoren lana”. Euren lana nabarmentzeko eskaera egiten zigun.

 

Iñigo Huegun: “2.000 hektarea baino gehiago erre dira”

Usurbilgo erreten taldeko kideetako bat Iñigo Huegun da. “Sutea Lesakatik Aiako Harrietako parke naturalean barrena sartu zen Gipuzkoara”, azaldu digunez. Hantxe pasa dute asteburua. “Sutea handia izan da, 2.000 hektareatik gora, pentsa. Andatza osoak 800 hektarea baditu, egin kontu zenbat mendi erre den”.

 

Usurbildik, bost lagun

Usurbilgo erreten taldea zazpi lagunek osatzen dute baina “bost bakarrik joaterik izan genuen”, azaldu digu Iñigo Huegunek. Berarekin batera, Yon Portu, Mikel Artola, Jokin Potularrume eta Arkaitz Lizeaga aritu dira suari aurre egiten.