Miriam Arrillagak lesionatuta jarraitzen du eta ez da Emakume Master Cup txapelketan izango

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 3a, 08:00

Emakume Master Cupeko eskuz binakako txapelketa asteburu honetan hasiko da baina Miriam Arrillaga Belokik ez du parte hartuko. "Eskua ez daukat %100ean eta nahiago dut ez arriskatu, ondo errekuperatu ahal izateko", azaldu digu pilotariak.

Arazoak arazo eta oztopoak oztopo, emakumezkoen esku pilota txapelketarik garrantzitsuena bueltan da. Azken urteetako ohiturari jarraituz, denboraldia binakako txapelketarekin hastea zen asmoa eta horretarako abenduan izen-ematea zabaldu zen, asmoa txapelketa erabat irekia egitea baitzen. "Beti bezala, pilotarien erantzuna sekulakoa izan zen, 80 emakumek eman baitzuten izena pilota goxoan eta beste 28k mistoarekin. Pandemiak pandemia, emakumeek pilotan lehiatzen jarraitu nahi dutenaren seinale", txapelketaren antolatzaileek aditzera eman dutenez.

 

16 pilotari lehiatuko dira

Hala ere, indarrean dauden mugikortasun neurriekin ezinezkoa egin da halako txapelketa handi bat osatzea "eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, formatu murriztu batean goi mailako txapelketa bat antolatzea adostu dugu". Horrela jaio da Eskuz Binakako Master Laboral Kutxa 2021 izenekoa, larunbat honetan, martxoak 6, Asteasun abiatuko den lehiaketa berria. Denera 16 pilotarik, zortzi bikotek, izango dute pilota mistoarekin jokatuko den txapelketa honetan parte hartzeko aukera.

 

Finala, apirilaren 4an Irunen

Lehen final-laurdena asteburu honetan jokatuko da. Jardunaldia bitan banatuko da eta goizez bi partida jokatuko dira: A taldeko Irantzu Etxebeste-Olatz Ruiz de Larramendi / Amaia Aldai-Gentzane Aldai eta B-ko   Leire Garai-Oihana Orbegozo / Miren Larrarte-Ane Urkizu. Arratsaldeko jaialdia ETB-k zuzenean emango du, arratsaldeko 15.30etik aurrera eta bertan arituko direnak A multzoko Iera Agirre-Maite Ruiz de Larramendi/ Andrea Aldaregia-Nora Mendizabal eta B-ko Olatz Arrizabalaga-Naroa Agirre / Ainhoa Ruiz de Infante-Arrate Bergara izango dira.

Kanporaketa hauetan irabazle irteten diren bikoteek finalerdiak bi aste geroago, martxoaren 20an, jokatuko dituzte, arratsaldeko 15.30etik aurrera, hauek ere telebistako kamerak zuzenean direla, Irungo Urantzu pilotalekuan. Finala ere Bidasoako herrian jokatuko da, apirilaren 4an, eguerdian, nola ez, ETBk zuzenean emana.