36ko gerraren inguruko ikerketa burutzeko boluntarioak behar dira

Noaua Aldizkaria 2021eko martxoaren 3a

36ko gerrak Usurbilen izan zuen eragina aztertu asmoz, taldetxo bat osatu zen iazko udaberrian. Ion Martin, Aitzol Arroyo eta Aitor Azurki dokumentazio-lana egiten aritu dira orain arte, baina zeregin handiak daude aurretik. Eta horretarako usurbildarren laguntza beharko dute. Bilera irekia antolatu dute gaurko. 18:30ean, Artzabalgo areto handian.

Boluntarioen taldean parte hartu nahi duten usurbildarrentzat bilera ireki bat antolatu dute. Martxoaren 3an asteazkena, arratsaldeko 18:30ean Artzabalgo areto handian. Edukiera kontuan hartu behar denez, bilerara joan nahi duten herritarrek izena eman behar dute lehenbizi, eta horretarako e-posta bat bidali behar da 36kogerra@usurbil.eus helbidera. Bilera joan ezin dutenek ere, modu horretara jar daitezke lantaldearekin harremanetan.

 

Edozein adinetakoak

Dokumentazioaren fasea amaitu eta gero, orain parte hartzearena ireki behar dute. Aitzol Arroyoren esanetan, fase honetan “testigantzak, elkarrizketa grabatuak, jendeak etxean gordeta dituen argazki edo dokumentuak...” bildu nahi dituzte.

 

AITOR AZURKI

“Usurbilgo herriak betidanik izan du auzolanerako grina, eta hori behar dugu: guk bakarrik ezin dugu egin”

 

Boluntarioak edozein adinetakoak izan daitezkeela gaineratu dute: “Herriaren ezagutza, baita herritarrena ere, ezinbestekoa izango zaigu lana garatu ahal izateko”. Esku artean dutena “herri proiektu bat da”, eta horregatik da hain  garrantzitsua boluntarioen sarea osatzea. Aitor Azurkiren esanetan, “badirudi boluntarioen sare bat gauza oso txikia dela, baina guretzat oso  garrantzitsua da: zenbat eta jende gehiago, argazki osatuagoa izango dugulako amaieran”.