Anbulantzietako langileen greba deialdia, bertan behera

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 4a, 12:05

Anbulantzietako langileek greba eguna deitua zuten biharko. "Eskatzen ziren txertaketak berehala hastea lortu ondoren", greba deialdia bertan behera uztea adostu dute ELA, USO, LAB, CCOO, UGT, ESK eta CNT sindikatuek. Argitara eman duten agirian dioetenez, "borrokak aurrera jarraitu behar duela uste dugu, konponbide integral eta behin betikoa lortu arte; zerbitzua eta azpikontratatutako kolektiboaren publifikazioan". 

Sindikatuen agiria:

"Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiogu kolektibo osoari Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan deitutako ekintza eta mobilizazioetan parte hartzeagatik, egoera onartezin bezain ulertezin bat salatzeko; izan ere, egoera horretan, lehen lerroko funtsezko osasun-zerbitzu hori azpikontratatua izatea izan zen Eusko Jaurlaritzak erabili zuen aitzakia, kolektiboa bigarren maila batean uzteko, txertaketa-kanpaina kaotiko baten barruan.

Salatutako egoeraren larritasunak, lehen lerro mediatikoan kokatu du borroka hau. Baina greba-deialdiaren helburua lortu bada ere, sindikatu deitzaileok argi daukagu sakoneko arazoak bere horretan jarraitzen duela, sistemikoa dela eta lotura zuzena duela funtsezko osasun-zerbitzu horren azpikontratazioarekin.

Erabaki politiko horrek ondorio larriak ditu langileen kolektiboarentzat zein erabiltzaileentzat, eta erantzukizunez uste dugu borrokak aurrera jarraitu behar duela konponbide integral eta behin betikoa lortu arte; zerbitzua eta azpikontratatutako kolektiboaren publifikazioan. Helburu hau, sindikatuek eta sektoreko langile guztiek partekatzen dute, eta, gure ustez, euskal gizartearen gehiengoak ere bai. Horregatik, gure konpromezua adierazten dugu beharrezkotzat jotzen ditugun ekintzak eta mobilizazioak aurrera eramateko, helburu nagusia lortu arte".

ELA, USO, LAB, CCOO, UGT, ESK eta CNT sindikatuek sinatzen dute agiri hau.