Gaur Taldeari buruzko liburu berri bat aurkeztuko dute arratsaldean Donostian

Noaua Aldizkaria 2021eko martxoaren 5a

Jose Luis Zumeta, Amable Arias eta Jorge Oteiza. Arturo Delgado (Kutxateka).

GAUR Taldea. Arte eta eraikuntza kolektiboa, 1965-67  argitalpena aurkeztuko dute gaur arratsaldean Kutxak Tabakaleran duen espazioan. Orain arte argitara eman gabeko argazkiak batu dituzte liburuan. Jose Luis Zumeta ere ageri da bertan.

J. P. Huercanos Oteiza Museoaren zuzendariordea da eta berak idatzi du liburua. Argitalpenean inoiz argitaratu gabeko material ugari batu du. Besteak beste, Gaur taldeak 1966ko apirilaren 28an Donostiako Barandiaran galerian zabaldu zuen erakusketari buruzkoak. Arturo Delgado eta Paco Mari argazkilariek inaugurazioan eginiko erretratuak datoz liburuan, Kutxa Fundazioaren Fototekan eskuratutakoak. "Dokumentazio grafiko horren bitartez, erakusketaren inaugurazioaren ikuspegi zabal bat berreskuratu ahal izan da", diote Kutxako iturriek.

1966ko apirilaren 28ko ekitaldi hartan, une hartako artearen eta kulturaren ordezkaritza zabal eta garrantzitsua bildu zen: Joxan Artze poeta usurbildarra, Xabier Lete musikaria eta poeta, Carlos Sanz, Carlos Añibarro eta Ricardo Ugarte artistak, Jose Acosta Montoro idazlea, Xabier Lete musikaria eta poeta, Santiago Aizarna idazle eta kazetaria, eta Julio Campal poeta eta Dionisio Barandiaran galeriako jabea.