Errigoraren “Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura” kanpaina, plateretik baratzera bidea egiteko saiakera xumea da. Auzolanean oinarritzen den ariketa kolektiboa. Osasun-neurri bereziak hautsi gabe milaka etxeetara heltzeko modua.
Errigorak dioen moduan, “ekoizpena eskaerara moldatu ohi da. Ez da inongo sekretua. Baina, askotan ez gara ohartzen kontsumitzaile gisa dugun botereaz. Bada, kanpaina honen bidez azken urteetan frogatu dugun bezala, taldean arituta, milaka kontsumitzaileren hautu kontzienteek ekoizpenean eragin handia izan dezakete”. Elikadura-burujabetzaren bidean, urrats sendoak eman daitezkeela elkarlanean.
Udaberri honetako eskaintza
Udaberriko kanpainari begira, Errigorak elikagai hauek eskaintzen ditu:
- Oliba-olio birjina estraren kasuan, lau barietate eskaintzen dira, bi ekologikoan ekoitziak —arbekina eta arroitz, bertako oliba-barietatea— eta beste bi ez-ekologikoak —pikual eta enpeltre—.
- Kontserben kasuan, bederatzi produktu izango dira ekoizpen ekologikoan —zainzuri zuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, barazki-menestra, potxak, tomate frijitua, barazki-kremak eta txitxirioak— eta zazpi ez-ekologikoak —zainzuriak, pikillo piperrak, orburuak, kardua, zerba-penkak eta borraja sorta, potxak eta tomate frijitua—.
- Horrez guztiaz gain, arroz ekologikoa eta ez-ekologikoa eta pasta ekologiko sorta ere izango dira aukeran.
“Produktu guztiak bertakoak eta kalitate bikainekoak dira”, Errigoratik diotenez. Xehetasun gehiago, irudi eta guzti, errigora.eus web orrian topatuko dituzue.
Eskaerak egiteko moduak
“Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes” dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Eskaerak martxoaren 24ra arte egin daitezke. Aurten, hainbat produktutan kopuru-mugak dituztela eta, hiru bide egongo dira eskaerak egiteko:
- Online: errigora.eus orrian.
- Sarean eskaerak egiteko gai ez direnentzat, telefono bidez, Hego Euskal Herritik 848 87 12 23 telefono-zenbakira deituta.
- NOAUAko bulegoan eskatuta.
Banaketa puntua zehaztu
Eskaera egiterakoan, aukeratu behar da produktuak jasotzeko puntua eta bertan zehaztutako egun eta ordutegian pasa beharko da jasotzera. 200 bat herritan daude banaketa guneak.
Ordainketak
Ordainketa txartel bidez egiten dutenen kasuan, bi zatitan ordaintzeko aukera izango da (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez duenak, dena batera ordainduko du, eskudirutan, produktuak jasotzean.
Banaketa, apirilean
Banaketa apirilaren bigarren hamabostaldian izango da eta, salbuespenak salbuespen, produktu guztiak aldi berean jasoko dira.