Beterri Saretuz ekimenak parte-hartzean oinarrituriko enpresa eta eragileen ekosistema bat sortzea du helburu. Gipuzkoako Aldundiak eta Beterri-Buruntza Udalak dira jardunaldi hauen sustatzaile nagusiak. Sei hilabeteko epean hainbat saretze eta ezagutza saio antolatu dituzte, baita enpresen beharrak asetzeko bilkurak ere. Lehen jardunaldia otsailaren 11n egin zen Usurbilen. Bigarrena, ostegun honetan, Astigarragan.
Martxoaren 11n, Astigarragan
Ostegun honetako saioan, "zaintzari tartea eskaini eta elkarrengandik entzun eta ikasteko aukera baliatuko dugu: eskualdeko proiektu bat ezagutzeko parada izango dugu Astigarragan".
Maitelan kooperatiba integraleko kideak bertaratuko dira, non langileak (zaintzaileak), erabiltzaileak (zainduak) eta kolaboratzaileak (pertsona, eragile eta erakunde erantzuleak) proiektu berean biltzen diren. "Beraien testigantzaren bidez, pertsonak erdigunean jartzen dituen proiektu baten ingurukoak ezagutuko ditugu", Beterri Saretuz ekimeneko sustatzaileek aditzera eman dutenez. Martxoaren 11n ostegunarekin, Astigarragako kultur etxe zaharreko areto nagusian batuko dira, goizeko 9:30etik 12:30era. "Programaren sustatzaileek eragile eta enpresetakoa kideak gonbidatu nahi ditugu aurrez aurreko saioan parte hartzera". Nolanahi ere, modu telematikoan jarraitzeko aukera ere izango da, izen-ematean zehaztuz gero. Hauxe esteka: izen-ematea.
Harremanak sendotzeko
Sareak formalizatzeko, harremanak sendotzeko eta interkooperazioari buruz hitz egiteko hainbat enpresa eta eragile elkartu ziren duela hilabete Usurbilen. Sutegiko jardunaldiaren ingurukoak, erantsi dugun bideoan laburbildu zituen Bira Produkzioak-ek.