Zaporeak: “Astean behin janari poltsa bana emango diegu Lesboseko errefuxiatuei”

Noaua Aldizkaria 2021ko mar. 16a, 13:52

LH6ko ikasleak lanpetuta ibili ziren aurreko astean, esnea biltzen eta arropa saltzen. Jasotakoa Zaporeak elkartekoei eman diete, Lesboseko errefuxiatuei laguntzen jarrai dezaten.

Zaporeak elkarteak janaria kozinatzen eta banatzen jarraitzen du Grezian. “Lesbos uharteko Kara Tepe errefuxiatuen esparruko iheslarien artean janari duina banatzen dugu”, Zaporeak-en web orrialdean irakurri dugunez. “Moriako sutearen ondoren, gure lan egiteko modua berrantolatu behar izan genuen”. 5 hilabete hauetan, egoerak okerrera egin du eta Covid-19a tarteko, “pertsona errefuxiatuen elikadura premiak areagotu egin dira. Horiek horrela, kozinatzeaz gain, janaria ere banatzea erabaki dugu”.

Astero esnea eta fruta helarazi nahi diete kanpalekuko biztanleei. “Astean behin janari poltsa bana banatuko diegu”, Zaporeak-eko ordezkariek azaldu dutenez. Beraz, Usurbilen batutako esne-ontziek poltsa horiek osatzeko balioko dute.

Argazkia: Udarregi ikastola.