Hitanoa indartzeko ikastaroak antolatu dituzte Udalak eta euskaltegiak

Noaua Aldizkaria 2021ko api. 12a, 10:53

Nokaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko ikastaroak antolatu dituzte, elkarlanean, Udalak eta euskaltegiak. Apirilaren 15ean hasiko dira eta Rosa Zubeldia Etumeta AEK euskaltegiko irakasleak gidatuko ditu.

 

“Ikastaroan nokari, emakumeei zuzendutako trataera alokutiboari emango zaio lehentasuna”, Udalak prentsa-ohar bidez jakinari duenez. “Baina hitanoaren oinarriak lantzea eta erabilera bultzatzea ere izango dute helburu”.

Oxkar Santamaria Euskara zinegotziak egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuenez,  “azken aldi luzean antzeko ikastaroa antolatzeko eskaera asko jaso ditugu Udalean”.

 

Transmisio falta

2016an Usurbilen egin zen kale neurketak agerian utzi zuen nokaren erabilera urria. Elkarrizketan aditutako herritarren artean 10etik 3k egin zuen hika, baina horien artean soilik %11,1 ari zen noka. Datuok mahai gainean, nokaren transmisioan etena gertatu dela ondorioztatzen du Udalak. “Gure guraso eta aiton-amonek egiten zuten hori gure belaunaldiak eta ondorengoek ez dute neurri berean jaso”, diote udal iturriek.

 

Hitanoa, herri ondare

Herri ondaretzat du Udalak hitanoa, bere aldaera guztietan, eta horregatik abiatu du nokaren ezagutza eta erabilera bultzatzeko ikastaroa.

 

Erabilera sustatzeko ikastaroa

“Usurbilen euskaraz bizi gara. Ez alferrik, UEMAko kide ere bagara, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide. Harro eta pozik egoteko motiboak dira horiek denak, eta, noski, Udalak ere bere egiten du horrela segi dezaten baliabideak emateko konpromisoa”. Erabilerari dagokionez urrats bat gehiago ematekotan dira oraingoan. “Hitanoa indartzeko ikastaroa antolatu dugu AEK-rekin batera; hitanoa oro har, baina bereziki noka, hau da, emakumeekin egiten den hizkuntza alokutiboa piztu nahi dugu”.

Ikastaroak harrera ona badu, irailean segida emango zaio. “Eta, akaso, hikaldi moduko egun bat jar dezakegu, herri mailako dinamika bihur dadin”.

 

Noka ikastaroa

  • Doako ikastaroa da.
  • 16 urtetik gorako herritarrak.
  • Ordu eta erdiko sei saio praktiko izango dira.
  • Bi talde osatzeko aukera: ostegun arratsaldeetan (18:00etatik aurrera) eta larunbat goizetan (10:00etatik aurrera).
  • Apirilaren 15ean eta 17an hasiko dira ikastaroak Potxoenean.
  • Gidaria: Rosa Zubeldia euskaltegiko irakaslea.
  • Izena emateko: mezua bidali behar da apirilaren 8a baino lehen itzultzailea@usurbil.eus helbidera.